2016 API. 23 poesía Aireko arte garaikidea, euria Iker ZALDUA Euria memorian/ erdi bi egina/ min eta musu-muinka /tantarik tanta…». Hori Igerabideren azken poema-liburuaren hastapenekoaren hastapena. Eta euria egingo du tantaz tanta, aurrera egingo dugu orriz orri eta blaitu egingo gaitu bere poesiak, izan ere, euria egiten du irakurraldi osoan zehar, ia ateri unerik gabe. «Memoria eurian/ urtaraz urtaro atzeraka/ lainoa janez/ ahanzturaren kontra:/ udazken, uda eta udaberri,/ eta negu denboran galdua…», dio poema berean. Memoria eta urtaroak aipatzen ditu. Liburua izango denaren iragarpena bailitzan, izan ere, besteak beste, denboran aurrera egingo baitugu tantaz tanta, azken unea hurbiltzen den heinean haurtzaroa oroituz: «… itxura aldatu/ eta beste norabait bideratu,/ poz alderantz, esate baterako,/ edo haurtzaroko/ amildegi isilerantz...». Urtaroak denboraren orratzaren metafora dira eta memoriak, oroimenak, haurtzarora garamatza, poz alderantz. Poesia hertsia dela esango dute batzuek, hertsiegia akaso. Igerabidek zizelkatzailearen modura jokatzen du idazterakoan, testua sortu eta ondoren zizelkatu egiten du, eta zizelkatu eta zizelkatu, zentzua galtzearen arriskuarekin dantzan, baina badaki noiz geratu, eta aleak ederrak geratzen zaizkio. Ez da azkenaldian nagusitzen ari den poesia narratiboan kokatzen, poesia iradokitzaileagoa da hau, nire lagun batek esango lukeen moduan «poesiagoa». Baina, ez naiz ni sartuko poesiaren definizioan. Hain zuzen, idazteaz eta poesiaz ere mintzo da Igerabide, eta ohartarazi egiten digu: «Poesia ezin ba irakatsi,/ ezin ba jakintza gisa jaso;/ erakutsi baino ez,/ lotsarien gisan…». Liburu honetan aurkitu ditugu Pessoa, Shakespeare, Mirande edo Lizardi. Aurkituko ditugu Heidegger, Nietzsche edo Parmenides; Van Gogh, Picasso, Bach eta Beethoven. Keinu eta zita ugari, idazle honen atzean irakurle eta ikertzaile amorratua dagoenaren seinale. Horixe euripean irakurri dezakeguna, idazle, filosofo, pintore eta musikarien artean topatuko duguna, beti esan ohi dudan moduan, aleka irakurtzeko, eta ez kolpeka.