GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Fabian Buhl, bakarka eta neguanhormatzar gogorrean

Martxoaren 17tik 19ra, eskalatzaile alemana gai izan zen hamar luze eta 8c zailtasuna duen «Wetterbock» bidea igotzeko. Protagonistak luze guztiak era askean eskalatu zituen, baina ez zituen etenik gabe lotu.


Duela hilabete Fabian Buhlek egin zuen jarduera txapela kentzeko modukoa da. Eskalatzaile alemanak Austriako Alpeetako Goll mendiaren ipar aurpegian dagoen “Wetterbock” bidea bakarka, neguan eta era librean eskalatu zuen. Horrela aipatuta, ziur aski irakurleari ez dio gauza handirik esango, baina gehitzen badugu marra horrek hamar luze eta 8c zaitasuna dituela, egoera argitzen hasten da.

“Wetterbock” Alex Huber eskalatzaileren lana da; duela pare bat urte puntu gorria jarri zion. Aipatu behar da alemanaren proposamenak izaera alpinoa duela. Ekipatuta dago, bai, baina seguruen artean dagoen distantzia handia da oso.

Buhl Huberren jarraitzaile da, eta neguaren amaieran bide horri ekarpen bat eman nahi izan zion. Eta baita eman ere; izan ere, martxoaren 17tik 19ra marra gogor hori neguan, bakarka eta era askean eskalatu zuen. Hiru zutabe horiek ondo baino hobeto kudeatu ditu. Neguaren eta ipar aurpegi baten gordintasunari aurre egin die. Bakarka ere, horrek guztiak eskatzen duenarekin: logistika, estrategia, bakardadea... Eta era askean: 8c zailtasuna pareta alpino batean.

«Erronka berria»

Buhl blokeko espezialista handia da. 8c gradua egiteko gai izan da, baina, istripu baten ondorioz, boulderra pixka bat baztertu eta eskaladaren beste adar batzuei ekin zien; besteak beste, hormatzarretan egiten den eskaladari. Baina alemanak berak aitortu duenez, “Wetterbock” bidean eginikoa ezberdina izan da oso: «Sakrifizio asko egin behar izan ditut erronka honetan buru-belarri jartzeko. Asko entrenatu dut; izan ere, izaera horretako nire lehen neguko eskalada gogorra zen».

Protagonistak berak onartu du jarduera horren eiterik zailenetarikoa paretara hurbiltzea izan zela: zeharkaldi basatiak, elurrolde arrisku handia, korridore tente bat... Bidearen sarreraraino tresneria guztia garraiatu behar nuen, eta, logistika horretan, Alex Huber eta Lukas Binderren laguntza izan nuen».

Ondoren, Buhl “Wetterbock” bidearekin bakar-bakarrik geratu zen: «Leiho on bat aprobetxatu nuen. Hotz handia egiten zuen. Egunero 04:30ean altxatzen nintzen eta iluntzera arte eskalatzen nuen. Neure burua aseguratzen nuenez, sistema horri konfiantza osoa eman behar nion. Gainera, helduleku asko izoztuta edo elurrarekin zeuden. Oso kontzentratuta jardun nuen, eta, horri esker, ‘Wetterbock’ bidearen lehen errepikapena egin ahal izan dut».