2016 API. 26 Harri-jasotzea Irigoien izan da Gorostidi Harria txapelketako onena Errezildarrak lan bikaina egin zuen, baina baita Jokin Eizmendik ere etaamaieran bien arteko aldea oso laburra izan zen. Segundo batek erabaki zuen. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan. Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun arratsaldean Adunan Gorostidi Harria txapelketa. Sekulako jendetza batu zen saioa ikustera, eta pilotalekuko harmailak, beheko eserlekuak eta inguru guztiak erabat bete ziren. Kirolari bakoitzak 139 kiloko harri baldarra, 150eko zilindro zaharra, 155eko errektangular zaharra, 160ko errektangular zaharra eta 175eko zilindro zaharra erabili behar izan zituen. Bakoitzari bi jasoaldi eman behar zizkioten ahalik eta denbora laburrenean, eta dena batutakoan denborarik onena zuenak irabaziko zuen. Emozioa ikaragarria izan zen lehen postua lortzeko lehian. Ez zen ezusterik izan, baina segundo batek erabaki zuen, horixe izan baitzen Aimar Irigoienen eta Jokin Eizmendiren arteko aldea, aurrenekoaren eta bigarrenaren arteko aldea. Aimar Irigoienek ziztu batean erabili zituen harriak, eta hamar jasoaldiak kontuan hartuta, 2 minutu eta 25 segundo behar izan zituen. Bigarren sailkatu zen Jokin Eizmendi, lan ederra eginda. Zarauztarrak 2 minutu eta 26 segundo behar izan zituen. Zaleek ederki pasatu zuten, emozioa ere amaierara arte izan baitzen, eta hori izaten da denek nahi izaten dutena. Hortik atzera tarteak handiagoak izan ziren. Joseba Ostolatza sailkatu zen hirugarren. Zestoarrak 3 minutu eta 59 segundo behar izan zituen bere lanak egiteko. Laugarren posturako ere emozio handia izan zen, segundo gutxi izan baitziren tartean. Postu hori Galarragarentzat izan zen, berak egitekoak 4 minutu eta 44 segundoan egin baitzituen. Ugartemendiak, berriz, bosgarren postua eskuratu zuen, lanak 4 minutu eta 52 segundoan amaituta. Izeta III.arentzat izan zen seigarren postua, denera 4 minutu eta 59 segundo pasatuta. Zazpigarren posturako ere gauzak estu ibili ziren. Kortaberrik zazpigarren postua eskuratu zuen, bereak 6 minutu eta segundo batean amaituta, eta zortzigarren sailkatu zen Telleria II.ak bi segundo gehiago behar izan zituen. Bederatzigarren postua izan zen Izeta IV.arentzat. Zarauztarrak lanak izan zituen harri baldarrarekin eta hor galdu zuen denbora. Denera 7 minutu eta 7 segundo eman zituen lanean. Sailkapena Urrutiak itxi zuen, lanak ezin izan baitzituen amaitu, saioan zehar zaintiratu bat izan zuela-eta. JENDETZA Sekulako jendetza batu zen Adunako pilotalekuan Gorostidi Harria ikustera. Harmailak, kantxako eserlekuak, eta inguru guztiak erabat bete ziren, lehiaketari itxura paregabea emanez. LESIOA Txapelketako albiste txarrena Josetxo Urrutiaren lesioa izan zen, lanean ari zela zaintiratu bat izan eta lehiaketa bertan behera utzi behar izan zuen, leitzarrak ezin baitzuen aurrera jarraitu.