2016 MAI. 09 HIMALAIA Carlos Soriak, 77 urterekin, Annapurna igo berri du Alpinista espainiarrak hil honen lehenean zapaldu zuen tontorra; bere hamabigarren zortzi milakoa da. Hurrengo helburua Dhaulagiri du. Andoni ARABAOLAZA Kortatu musika taldearen abesti baten letrei jarraituz, esan genezake ez dakigula zer gertatzen ari den azkenaldiotan baina argitaratu ditugun berri asko adinarekin lotuta daudela. Hurrengo protagonista ere egoera horretan kokatu behar dugu; izan ere, maiatzaren 1ean, Carlos Soriak, 77 urterekin, Annapurna tontorra zapaldu zuen. Bai, 77 urterekin; eta, zalantzarik gabe, sasoi ikaragarrian. Alpinista espainiarra 14 zortzi milakoen zerrendaren xerka dabil, eta Annapurnarekin dagoeneko 12 eskuratuak ditu. Ez dago dudarik kosta egin zaiola, guztira Nepalgo erraldoi hori garaitzeko hiru urte edo bidaia behar izan baititu. Horretaz gain, errekor bat ere ezarri du: Annapurna igo duen mendizale edadetuena da. Soriak zortzi milakoetan eskarmentu handia duela ez du inork zalantzan jartzen. Jakin badaki mendi horiek nola kudeatu, eta oraingoan ere argi asko utzi du lanak ondo egin dituela. Guztira, kanpaleku nagusian bi hilabete egin ditu, eta, pazientzia handia izatearen ondorioz, espainiarra eta bere taldea lehenak izan dira udaberri honetan Annapurna gailurra egiten. Behin kanpaleku nagusian, Soriak esan du zorte pixka bat izan zuela: «Bigarren kanpalekutik hirugarrenera lan handia egin behar izan genuen. Hori bai, beste aldi batzuetan ez bezala, mendiak ez zuen arrisku handirik; besteak beste, elur gutxiago zegoelako. Hirugarren kanpalekura iritsitakoan argi neukan Annapurna igotzeko aukera handiak nituela. Alabaina, gure eguraldi gizonak ez zuen asmatu. Laugarren kanpalekuan haizete ikaragarriak jasan eta bost orduz elurra egin zuen. Eta egoera horretan tontorrera abiatzea oso zaila zen. Baina nire taldea eta ni prest geunden». Gailur egun gogorra Aipatu dugun bezala, protagonistak hilaren lehenean bete zuen helburua: «Baldintzak latzak ziren oso; elurra, haize bolada indartsuak (60 kilometro orduko), hotza... Beraz, azkenengo etapa horretan asko sufritu genuen. Espedizio honetan ez dugu amore eman, ez dugu indarrik alferrik galdu eta gailurrera joan garenean indar guztiarekin abiatu gara. Amets batetik esnatu naiz. Nahiz eta espedizio luzea izan, egun zoragarriak bizi izan ditut. Mendiaren kide izaten ahalegindu gara, hura aztertu dugu eta gailurra egiteko egun egokia izan denean, ondo baino hobeto aprobetxatu dugu». Tontor eguna gogorra izateaz aparte, Soriak onartu du jaitsieran ere sufritu zutela: «Oso estresagarria izan da. Hirugarren kanpalekutik bigarrenera eginiko rapelak Alpeetako pareta batean egiten direnak bezalakoak ziren. Iltze batetik zintzilik geunden, eta argi geneukan txorakeriarik ezin genuela egin. Arroka eta izotz asko zegoen, tarte zaila zen, baina halakoxea da mendia». Behin Annapurna eginda, mendizalea Dhaulagirira joan da; bi zortzi milako horien artean 34 kilometroko ibilbidea dago soilik. Esan dugu Annapurna kosta egin zaiola; bada, Soriak bosgarren aldia izango du Dhaulagirin: «Eguraldi onak laguntzen baldin badigu, uste dugu hilaren 15 eta 20 artean gailur hori lor genezakeela. Nire hamahirugarren zortzi milakoa izango litzateke. Baina, Annapurnan bezala, gauzak ondo baino hobeto egin behar ditugu. Tontor horretatik gertu egon naiz hiru aldiz. Hala ere, uste dut zorte oneko bolada daukadala; nire adinaren bi zazpi horiek laguntzen ari zaizkit». Adinean oso aurreratuta bai, baina, era berean, oso sasoiko dago. K2 eta Chogori, adibidez, 65 urterekin egin zituen eta azken-aurrekoa, Kangchenjunga, 75 urterekin. CARLOS SORIA Hilaren lehenean lortu zuen alpinista espainiarrak Annapurna mendean hartzea; hori bai, 77 urterekin igo du. Bere hurrengo helburua Dhaulagiri da.