GARA Euskal Herriko egunkaria

Umore Azoka, euskal antzerkiari ezin itxi dakiokeen leihoa

Euskal Herriko 18 konpainiak hartuko dute parte Leioako Umore Azokaren 17. edizioan, maiatzaren 19tik 22ra bitartean, eta 11 estreinaldi eskainiko dituzte. Estreinaldirik gehienak maiatzaren 19an eta 20an izango dira, eta ehun banatzaile, programatzaile eta ekoizle profesional baino gehiago izango dituzte adi. Estatu espainoletik eta nazioarteko beste hainbat tokitatik etorritako taldeak ere izango dira Leioako antzerkiaren hitzorduan.


«Euskal konpainiak funtsezkoak dira Umore Azokarentzat, eta Umore Azoka funtsezkoa da euskal konpainientzat. Oso lotura estua dute», adierazi zuen atzo Ana Lopez zuzendari artistikoak Umore Azokan parte hartuko duten Euskal Herriko konpainiak aurkezteko Bilbon egindako prentsaurrekoan; bertan zen ere Joxean Muñoz Lakuako Gobernuko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea.

Aurten orotara 18 izango dira Leioako hitzorduan parte hartuko duten euskal taldeak, eta 11 estreinaldi aurkeztuko dituzte. Gehientsuenak hilaren 19an eta 20an izango dira.

Gehiago zehazte aldera, datu batzuk. Lan berrien lehen emanaldia eskainiko duten taldeen zerrenda ondorengoa da; Ana Capilla & Julia Farber, Bapatean, Laura Cobo konpainia, Deabru Beltzak, Laglo ZikDantza & Compañía, Larrua, Plataforma Tirante Teatro y Danza, Philo&Jole, Sainete konpainia, Suhar Prest eta Trapu Zaharra. Estreinaldiez gain, ordea, beraien lanak erakutsiko dituzte Zanguango Teatro, Tio Teronen Semeak, Organik Dantza Antzerkia, Nui Danza, Matxalen Bilbao eta Malas Compañías taldeek.

Bestalde, iaz Umore Azokako Kale Ikuskizunik Onenaren saria jaso zuen Markeliñe konpainiak “Crusoe” piezaren aurrestreinaldia eskainiko du Leioan. La Banda talde nafarra ere izango da Umore Azokan, “Km 0” obra lehen aldiz ematen.

Halaber, Leioako eszenak ere «pisu berezia» izango du aurtengo egitarauan, eta aurrenekoz, herriko taldeek espazio propioa izango dute egitarauan. Horrela, Umore Azokan izango dira Leioako Musika Banda eta Diego Galaz musikaria, Despertar Los Sentidos elkarte artistikoa, Andoni Aresti Dantza Eskola eta Gerry Regitschnig clowna.

Estatu espainoletik eta beste herrialdeetatik etorritako taldeekin batera arituko dira euskal konpainiak Umore Azokan. Guztira, 50 konpainia egongo dira, eta erabateko 21 estreinaldi ikusiko dira orotara. Aurrean 27.000 ikusle inguru izango dituztela aurreikusten da, bai eta sektoreko ia 200 profesional inguru ere. Izan ere, Umore Azoka ez da jaialdi hutsal bat, programatzaile, banatzaile, jaialdi zuzendari eta artistak biltzen dituen azoka handi bat ere badela ohartarazi dute antolatzaileek, eta, hain zuzen ere, «horregatik da hain garrantzitsua euskal taldeentzat, kontratu berriak lortu eta beren burua ezagutzera emateko erakusleiho handi bat ere badelako».

Halaber, jaialdiaren egunetan Akitania-Euskadi II. Topaketa egingo da Leioan, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak sustatuta. Gainera, Sarea-Euskal Antzokien Sareak ere, ohi duenez, bere bilkura orokorra egingo du Umore Azokan, eta Artekale espazioa profesionalen topagune izango da.

Azkenik, hiru dira aurten Umore Azokak banatuko dituen sariak. Kale Ikuskizunik Onenaren saria (garaikurra eta diploma), Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren saria (garaikurra eta diploma), eta Artista/Ikuskizun Berririk Onenaren saria (hurrengo ikuskizuna sortzeko Hameka sorkuntza fabrikan egonaldia).