2016 MAI. 16 Aizkora Ezuste gutxi izango ditu Azpeitiko final nagusiak Atutxa II.a, Eneko Otaño, Rekondo eta Arria V.a sailkatu dira azken egunerako. Jon LEUNDA Aitzol Atutxa, Eneko Otaño, Arria V.a eta Jon Rekondo sailkatu dira Urrezko Aizkorako Buruz Buruko finalerako, eta maiatzaren 28an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan neurtuko dira. Herenegun goizean Galdakaon eta iluntzean Ataunen jokatu ziren finalerdietako bi saioak. Zortzi aizkolari aritu ziren lanean, denak ere maila onekoak, eta azkenean lau onenak sailkatu ziren finalerako. Goizean, Galdakaon, denek garbi zuten han Aitzol Atutxa izango zela finalerako sailkatuko zen aizkolaria, eta alde horretatik ez zen ezusterik izan, nahiz eta horretarako lan asko egin behar izan zuen. Txapeldunak aurrera egin zuen, ez zien aurkariei ezusterako tarterik utzi, eta Azpeitiko final nagusian arituko da. Beste hiruren artean zalantza gehiago zeuden, eta azkenean gazteenak, Eneko Otañok, lortu zuen finalerako txartela. Beizamakoak lehen saioan Larrañagari irabazi egin zion, eta gero finalean mendean hartu zuen Julen Kañamares, bere helburua betez. Aitzol Atutxak Kañamares izan zuen aurrean lehen fasean, eta behin hura mendean hartuta, bigarrengoan Mikel Larrañagaren aurka neurtu behar izan zuen, eta bizkaitarrak hura ere mendean hartu zuen, eta finalerako txartela hartu zuen. Behin goizeko finalistak ezagututa, arratsaldekoak ezagutzea bakarrik geratzen zen Azpeitiko saioa osatuta uzteko, eta Ataunen, Arria V.a eta Rekondo izan ziren finalerako sartu zirenak. Hemen ez zen faborito garbirik ikusten, akaso, Arria nabarmentzen zen denen gainetik, eta errezildarrak ez zuen hutsik egin, garaipena lortu baitzuen, eta finalean izango da bera ere. Udazkenean apustu handi bat dauka, eta horri begira lehiaketa hau ez zaio gaizki etorriko, nahiz eta apustu horretan korrikan ere egin beharko duen. Atauneko saioan, hasteko, Txapartegi hartu behar izan zuen mendean, eta horrekin bigarren fasean Mugertza II.aren aurka neurtzea tokatu zitzaion, eta hor ere mutrikuarra mendean hartuz, finalerako txartela lortu zuen errezildarrak. Azpeitiko saio nagusian izango da baita ere Jon Rekondo leitzarra. Nafarrak lehen saioan Mugertza hartu zuen mendean, eta bigarrengorako Txapartegi zuen zain, Aizarnakoak Arriarekin galdu egin baitzuen. Hori ere irabazi egin zuen Leitzakoak, eta bera ere txapelaren lehian aritzeko moduan izango da. Ondorioz, maiatzaren 28an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan neurtuko dira Arria V.a, Otaño, Rekondo eta Atutxa. Saioa, azkenean 19.00etan hasiko da. Bi gipuzkoar, bizkaitar bat eta nafar bat lehiatuko dira. Azpeitiarrik ez da izango finalean, baina bailarako bi bertan izango dira; Arria V.a eta Eneko Otaño. Floren Nazabalek omenaldia jasoko du bere herrian Floren Nazabalek denboraldi honetan utzi du aizkolaritza. Pasa den urrian jokatu zuen bere azkeneko finala, Nafarroakoa, eta horrekin akabo. Txapeldun handi bezain gizon apala da Etxarrikoa, denek gustukoa duten horietakoa, eta izango du ongi merezitako omenaldia. Bere herrian, Etxarrin, izango da ekitaldia, maiatzaren 29an, eguerdian. Antolatzaileak egitaraua osatzen ari dira oraindik, baina iragarri dutenaren arabera, aizkolariek hartuko dute protagonismo nagusia, asko izango baitira bertan lanean, eta harri-jasotzaileak ere izango omen dira. Nafarrari gerriak arazo asko eman dizkio bere kirol bizitzan, eta azkenean horrek bultzatu du aizkolaritza uztera J.L.