2016 EKA. 04 sokatira Gaztedi eta Goiherri buru direla abiatuko da 640ko lehiaketa Jon LEUNDA Laukizen abiatuko da gaur 640 kiloko Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa. Orain dela bi aste amaitu zen 680koa, eta orain beste maila honetakoa jokatzen hasiko dira. Talderen bat aldatuko da, baina ia denak berberak izango dira. Oraingoan ere Gaztedik aurkeztuko ditu talde gehien; izan ere, hirurekin joango da, eta maila guztietan horrelaxe arituko da. Goiherrik bi eramango ditu, eta beste bat Akelarrerekin batera nahasita. Sei talde horiez gain, Mutriku izango da lanean arituko den bestea. 680an aritu zena baina hemen arituko ez dena Ibarra taldea izango da, moreek pisurik handienean parte hartzeko bakarrik eman baitzuten izena. Maila honek ere hiru jardunaldi izango ditu, hiru larunbatetan jarraian jokatuta; gaur Laukizen, 17.30ean hasita; hurrengo asteburuan, Martiartun; eta hemendik bira Barrikan jokatuko dute azkenekoa. Faboritoak Gaztedi eta Goiherri izango dira garaipena lortzeko faboritoak. Lehenengoek irabazi zuten 680ko txapela, jokatutako proba guztiak irabazita. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, eta pisu honetan ere maila berbera eman eta garaipena lortu nahi dute. Goiherrik, aldiz, kontrakoa egin nahi du. Pisu handian egin ez zuena egin nahi du, edo gutxienez, behintzat, han estutu zuena baino gehiago estutu. Ikaragarrizko ezusterik ez bada, bi horien artean egongo da txapela, are gehiago, bien artean bost talde aurkeztuta. Hirugarren posturako gauzak irekiago dirudite, eta hor sartzen saiatuko da Mutriku, nahiz eta hori ere zaila izan.