GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROL ESKALADA

Alex Megosek «Hubble» egin du,eta morboaizugarri hazi da

Maiatzaren azken egunean lortu zuen, eta alemanak adierazi du ez dakiela zezailtasun duen eta «Hubble» eta «Action directe» ezin direla alderatu.


Alex Megosek «Hubble» bidea (Raven Tor, Britainia Handia) kateatu berri du. Maiatzaren azken egunean izan zen, eta marra hori igo duen lehen atzerritarra da. 22 urteko alemanaren aurretik Ben Moon, Malcolm Smith, John Gaskins, Steve Dunning eta Steve McClure britainiarrek sinatu zuten.

Horrela esanda, badirudi Megosek erdietsi berri duenak garrantzirik ez duela. Eta, agian, irakurleak arrazoia izango du. Baina gogoratzen badugu “Hubble” izan dela munduko lehen 9a, bada hausnarketa pixka bat aldatu daiteke. Orain gutxira arte, Frankenjurako “Action directe”-k izan du ohore hori; baina hainbat eskalatzailek “Hubble” probatu ondoren, hasieran zuen 8c+ horri plus bat gehiago eman eta 9a gradura igo dute.

Beste datu bat: “Hubble”-n lehena Ben Moonek lortu zuen 1990. urtean. 26 urte geroago marra horrek sei igoera soilik izan eta maila handiko eskalatzaile ugariren saioak jaso ditu.

“Action directe” bezala, “Hubble” ere berezia da. Esango genuke, bereziagoa. Askok eta askok diote blokeko azterketa bat besterik ez dela; gogorra baina zortzi metroko blokeko ariketa bat.

Morbo izugarria

Gogora dezagun ere duela hiru urte gazte honek bistan eginiko munduko lehen 9a patrikara sartu zuela: “Estado critico” (Siurana). Beraz, zer garrantzia du “Hubble” igotzeak? Bada, erantzuna oso sinplea da. Megos alemana izanda zein hartuko ote du munduko lehen 9a bezala: “Action directe” ala “Hubble”?

Lehenik eta behin, 22 urteko eskalatzaile honek onartu du harrituta dagoela berriak sortu duen erreakzioarekin: «Bide hau igo ondoren, berria leku guztietara zabaldu da. Baina batez ere hango eskalatzaileen ahotan izan da. Haientzat ‘atzerritarra’ naizelako, poztu egin dira ‘Hubble’-n egin dudanarekin. Badirudi inspiratu ditudala».

Megosek adierazi du duela bi urte “Hubble” pixka bat probatu zuela, eta amaiera aldean dagoen pauso gogorra ezin izan zuela askatu. Iaz Erresuma Batura itzuli zen, baina ez zen bidera hurbildu.

Aurten itzuli eta maiatzaren 31n kateatu zuen: «Bide historiko hori egin nahi nuen, eta azkenean lortu dut. Benek berak esan zuen bezala, bloke ariketa bat da. Zortzi metro luze da eta lau mugimendu gogor ditu. Pauso horiek blokean 8b izan daitezke. Ondoren, katera heldu bitartean, 7c/c+ graduko tarte bat eskalatu behar da. Duela bi urte hamar saio egin nituen, eta kateatu nuen egunean beste bost. Ordu eta erdian poltsikoan nuen».

“Hubble”-k duen zailtasunari dagokionez, protagonistak adierazi du zehazki ezin duela gradu baten inguruan hitz egin: «Esango dudanarekin batzuek barre egingo dute eta beste batzuk haserretu egingo dira. Baina gai hau asko aztertu dut, eta gero eta argiago daukat ez dakidala ze zailtasun duen. Norberaren estiloak dena markatzen du; hots, bide bat errazago edo zailago eskalatzen duzu. “Hubble” ez da nire estilokoa».

Horrekin guztiarekin batera, Megosek esan du “Action directe” eta “Hubble” ezin direla alderatu: «Hori ezinezkoa da. ‘Action directe’-k 16 mugimendu ditu eta ‘Hubble’-k 4 (jakina, gogorrenak kontuan hartzen baditugu). Azken bide horren muturreko lau mugimendu horiek ‘Action directe’-renak baino zailagoak dira. Niretzat ‘Hubble’-k bloke batekin antz handia du. Eta argi dut ‘Action directe’ bide bat bezala hartu behar dela. Eta gehitu nahiko nuke baldintza egokiekin “Hubble” egunean hainbat aldiz igo dezakedala».