GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakaskuntza publikoa benetan zaintzeko eskatu diete Donostian instituzioei

Donostiako hogei eskola publikok azaldu dute ezin dietela erronkei ongi erantzun, erakunde publikoetatik ikastetxeetara heldutako baliabideak ez datozelako bat bizi duten errealitatearekin.


Hezkuntza Sailak giza baliabideen zerrenda esleitu ondotik, datorren ikasturteko beharrei aurre egiteko kezka eta zailtasunak sortu zaizkie Donostiako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskola publikoei.

«Erronkak handiak dira, eta horiek erdiesten saiatzen gara egunerokoan. Hala ere, ezinezkoa zaigu erronka hauei modu egokian aurre egitea ikastetxeetara heldutako baliabideek ez dutelako bat egiten bizi dugun kalitatearekin», agertu zuten atzo hogei eskolatako zuzendariek gurasoekin batera emandako prentsaurrekoan.

Zehazki, lau puntu aipatu zituzten, lanpostuen zerrendekin lotutakoak, argi utzita ez dituztela beste zenbait gai ahantzi. Lehen eskaerak digitalizazioarekin du zerikusia. «Hezkuntza Sailak bai kudeaketa mailan bai ikasleen hezkuntza lanetan digitalizazioa sartzera bultzatu gaitu. Baina helburu hau lortzeko baliabideak behar ditugu, bai pertsonalak, baita ekonomikoak ere». IKT arduraduna ikastetxe guztietan ezartzea ezinbesteko ikusten dute.

Bigarrenik, aniztasunari erantzun eta premia bereziei aurre egiteko irizpide argiei jarraituz lan egingo duen talde egonkorra behar dutela azaldu zuten. Aholkulariak, logopedak eta hezkuntza laguntzarako espezialistak falta dituzte.

Administrazio langileak

Kudeaketa administratiborako langileen beharra aldarrikatu zuten hirugarrenik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentro guztietan, eta, azkenik, eskola liburutegiak ezinbestekoak direla defendatu zuten. Daudenak mantentzea eta beste ikastetxeetara zabaltzea nahi dute.

Azken batean, eskatu zutena hau da: erakunde publikoek irakaskuntza publikoa «benetan zaintzea».