GARA Euskal Herriko egunkaria
ELECCIONES: EUSKAL HERRIA

Selekzioaren aldarriari heldu dio EAJk beste behin ere


Azkeneko hauteskunde kanpainetan egin duen bezalaxe, euskal selekzioaren aldeko aldarria erabili du berriro EAJk botoa eskatzeko. Elastiko berdea jantzita ageri dira beste behin ere hautagai jelkideak. Oraingoan, komiki batez lagundurik egin dute agerraldia: bertan EAJko hainbat ordezkari euskal jokalari gisa agertzen ziren eta Estatuko lau alderdi handienetako buruak, berriz, elastiko espainolarekin eta jokaldian tranpak eginez. Horrekin batera, gizonezkoen hurrengo futbol ligan lehenengo mailan jokatuko duten bost euskal taldeen elastikoak jantzi dituzte: Alaves, Athletic, Eibar, Real eta Osasunakoak.

Euskal selekzioaren jantzia soinean, jokatzen ari den Eurokopa hartu du ahotan Aitor Estebanek: «Argi eta garbi erakutsi digu borondatea badago, lortu ahal dela. Horra hor Galeseko selekzioa. Estatu baten barruan dago, Erresuma Batuan, baina maila berean eta baldintza berberetan parte hartzen du. Eta ez hori bakarrik, bere multzoko lehen tokian sailkatu da eta hurrengo fasera igaro da Ingalaterrari aurrea hartuz», ekarri du gogora hautagai jelkideak.

Bere hitzetan, euskal selekzioa ere «erreferentea izango litzateke eta Eurokopan jokatuko luke». Gaurkotasun handiko kontuekin segituz, hurrengo denboraldian euskal taldeek ligako «laurdena» suposatuko dutela erantsi du (hogeitik bost), euskal kirolak duen indarraren erakusletzat jarriz.

Ate baten aurrean ere argazkia atera zuten EAJren ordezkariek, hauxe irudikatzeko: «Horrela sentitzen gara askotan Madrilen, sartu nahi dizkiguten golak eta autogobernuaren kontra jaurtitzen dizkiguten baloiak gelditu beharrean. Baina argi izan, aukera dugunean gola sartuko diegu gai honetan. Denok elkartuta: gizartea, kirolariak, politikariak... guztiok helburu hori lortzeko bultzada eginez».