2016 EKA. 23 GUTUNAK Eskola publikoari bai, ghettorik ez JOXE LASA ITURRIOZ ETA ELENA OTAMENDI AROZENA Samaniegoko Gorosti eta Orixeko Asmo Berri Guraso Elkarteen izenean Denok ditugu eskubideak eta betebeharrak. Eskubide horietako bat hezkuntza da; mundu guztiak eduki beharko luke ikasteko eskubidea, eta horregatik, publikoa beharko luke izan. Hala ere, hezkuntza pribatua beste aukera bat da, hori norberak erabakiko du. Baina ez dugu ahaztu behar pribatu horiek ez direla benetan pribatuak, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartuak baizik; beraz, guztion diruaz finantzatzen dira. Hau guztia argitu nahi genuke gure aldarrikapena egin aurretik. Izan ere, kurtso erdian iristen diren etorkinak eskolaratzeko garaian egiten den banaketa ez da batere orekatua. Hirukide eta Laskorain (itunpeko ikastetxeak) aurreikusita daude 0-18 urte bitartekoak bezala, Samaniego 0-12 urte bitartekoa bezala, eta Orixe 12-18 urte bitartekoa bezala. Beraz, banaketa hau dela eta, eskola publikoaren kopurua bikoitza litzateke, bi ikastetxe desberdin bezala hartzen direlako. Gauza da, ikasturte honetan bakarrik, Tolosako eskola publikoak 12 ikasle jaso dituela ikasturtean zehar. Azken ikasturte hauetan kopuruak altuak izan dira; hori argi islatzen da gure ikastetxeetako Hizkuntza Indartzeko Programan (HIPI), 22 ikasle ditugu-eta bertan. Hainbeste ikasle hartu al dituzte itunpeko bi ikastetxeek ere? Hezkuntza Sailak ezarritako irizpideek diotenaren arabera, funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztiek ikasle hauek eskolatzeko betebeharra dute eta ikastetxe guztien (publikoen eta itunpekoen) arteko oreka bermatu behar da. Hori ez bermatzeak ghettoak eratzea dakar, Gasteizen eta beste hainbat tokitan gertatzen ari den bezala. Hainbestetan aldarrikatzen den eskola inklusiboaren eta integratzailearen guztiz aurkakoa eta elitistaren aldekoa suertatzen ari da hori. Honekin eskatu nahi duguna da kurtsoa hasita iristen diren ikasleen eskolatzea orekatua izan dadila ikastetxe guztien artean, bat-bateko eskolatze horiek suposatzen duten guztia kontuan izanda, bai ikasle berri horien bai gure seme-alaben eskubideak urratu ez daitezen.