2016 EKA. 25 Aizkora Zortzi aizkolari arituko dira lanean Txapeldunen Ligan Arria V.a eta Jon Rekondo neurtuko dira bihar eguerdian Ondategin aurreneko jardunaldian. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga abiatuko da asteburu honetan, bihar eta etzi jokatuko baitira lehenengo bi jardunaldiak. Ondategin eta Hernanin izango dira lehiaketa honetako aurreneko saioak. Lehiaketa honetan guztira zortzi aizkolari lehiatuko dira, bi multzotan banatuta. Aurrenekoan, Arria V.a, Rekondo, Otaño eta Vicente II.a lehiatuko dira. Bigarren multzoan, berriz, Atutxa, Azurmendi, Jauregi eta Larretxea. Multzo bakoitzeko aurreneko bi aizkolariek lortuko dute urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean aritzeko txartela. Lehen neurketa bihar bertan izango da Ondategin, 12.30ean hasita. Bertan Arria V.a eta Rekondo neurtuko dira. Errezildarrak ez du atsedenik hartzeko tarte handirik izango, etzi ere lanean aritu beharko baitu. Berriro ere 12.30ean izango da saioaren hasiera, eta oraingoan Hernanin aritu beharko du, Eneko Otañoren aurka. Saio bakoitzean aizkolari bakoitzak lau lan ezberdin egin beharko ditu. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu beharko dute; jarraian, erlojuz kontra 45 ontzakoa moztu beharko dute; hirugarren lanean, zutik jarrita 45 ontzakoa erdibitu beharko dute, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte. Desafioa Uda garaian aizkora desafioak ugaritu egiten dira herrietako jaien barruan, eta horietako bat izango da bihar Abaltzisketako plazan, eta ikusmin handia piztu du. Alde batetik, Iñaki Aierbe neurtuko da, eta bestetik, Maika Aristegi eta Irune Izkue. Mutil bat bi nesken aurka neurtuko dira, zeinek lau kana-erdiko azkarrago moztu. Hor badira, ordea, ezberdintasunak, izan ere, Aierbek esku bakar bat erabili ahal izango du lanerako, eta neskek biak, eta gainera, txanda librean arituko dira. Zaleek gogoz hartu dute norgehiagoka hau, honelakoak ez baitira askotan izaten, eta jendetza handia espero da Abaltzisketako plazan. Aierbek eta Aristegik urte asko daramatzate aizkora munduan. Izkue, berriz, askoz ere berriagoa da kirol honetan. Dirurik ez da egongo jokoan, baina ohorea bai, eta hori bera ere ez da gutxi.