GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
AITOR ARREGI ETA JON GARAñO
«AUNDIYA» FILMAREN ZUZENDARIAK

«Ona ere bazen dokumentazio gehiegi ez izatea, erreala den edo ez den kontzeptuarekin jokatzeko»

Altzoko Handiaren bizitza film bihurtzeko bidean dira Aitor Arregi eta Jon Garaño. Baina ez da Altzon jaiotako gizaseme erraldoi haren «biopic» hutsal bat; bere bizitzaren zati baten interpretazioa da eta munduan zeharreko bidaiak aitzakia egin dituzte garaiko gizartearen eraldaketez ere aritzeko.


Filmazioa amaitu berritan eseri dira elkarrizketan Aitor Arregi (Oñati, 1977) eta Jon Garaño (Donostia, 1974), “Aundiya” filmaren zuzendariak. Zortzi asteko lana, Euskal Herrian egin ohi diren filmazioetan baino bi aste gehiago luzatu dute epea. Eta leku batetik bestera ibili dira denbora horretan –«zirku italiarra...», Arregiren arabera–, herrialdea kasik alderik alde zeharkatuz, eta errepidean denbora dezente utzita.

Aurrekontu zabalagoa izateak talde handiago batekin lan egitea ahalbidetu die bi zuzendari eta gidoilariei. «Zenbat jende dago hemen?!», bere buruari botatzen zion galdera Arregik filmatze egunetan begiak monitoretik altxatzean. «Baina behar zirenak zeuden, eta horrek motibatu egiten zaitu».

Zalantzati hasi izana onartu dute. «Film hau handiegia izango al da niretzat? Gai izango al naiz?», Jon Garañok bere buruarekiko kezkak. Aurrekontu handiagoa izateak ere hein batean are egin zuen presioa zamatsuagoa. Eta hortik galdera gehiago: «Sinesgarria izango al da? Edo izango da nahi eta ezin bat?». Zantzu guztien arabera, hasierako blokeo hura gaindituta, egindakoarekin nekatuta baino lasai daude filmaren bi arduradunak, eta orain, edizioaren lehenengo galbahea pasatzeko zain dira filmatutakoak ze itxura duen ikusteko.

Migel Joakin Eleizegi (Altzo, 1818-1861). Altzon jaioa, haurtzaro eta nerabezaro ohikoak izan zituen, hogei bat urterekin etengabe hazten hasi zen arte. Bere kasuaz jabetuta, Lekunberriko Jose Antonio Arzadunek Europan zehar erakustaldiak egitera eraman zuen. Londres, Paris eta Madril ezagutu zituen, beste askoren artean, eta herrialde desberdinetako errege-erreginen aurretik pasatu zen. Bizimodu hartaz nazkatuta-edo, etxera bueltatzea erabaki zuen. 43 urterekin hil zen, biriketako tuberkulosi baten eraginez. Altzoko Handiaren edo Altzoko Erraldoiaren historia kondaira bihurtu da azken hamarkadetan, gizartearen zati batek izaki mitologikotzat jotzeraino. Pertsonaia errealaren eta irudikatuaren artean ibili dira Arregi eta Garaño. «Jolasten da mitoarekin, baina batez ere ikusten duzu mitoaren atzean dagoen pertsona eta bere inguruan daudenak; anaia, aita eta promotorea». Baina, batez ere, nebaren garrantziari jarri dio azpimarra Arregik. «Asko hitz egiten da erraldoiaz, baina era berean bere situazio oso antzekoan, baita ere etxetik kanpora, anaia zegoen. Bizipen berberak izan zituen pertsona da, baina ikuspuntu desberdin batekin», osatu du Garañok.

Aldaketaren pasadizo bat ere bada “Aundiya” filma. Aldaketa fisikoarena batetik, erraldoitasunagatik erabat hazten ari den pertsonaiagatik. Eta aldaketa sozialarena bestetik, XIX. mendea gizarte eraldaketa ugariren lekuko izango baita. «Guretzat oso interesgarria zen filmean hori guztia irudikatzea; nola pertsona hauek aldatzen doazen fisikoki, beraien ingurua ere nola aldatzen den, bai eta beraien pentsamoldea ere», dio Garañok batetik, eta jarraitu du bestetik Arregik: «Aldaketarena da beti hor egongo den kontzeptua eta batzuetan norberak ez daki ondo kudeatzen hori. Ez duzu asumitzen era egoki batean gertatzen ari dena edo datorrena. Kontatzen ari ginenarekin oso lotuta zegoen kontzeptua zela ohartu ginen».

Biopicaren generotik baduen filma izanik ere, ez da kontakizun historiko lerrokatu bat. Hazten hasten den unetik hiltzen denerainoko aldian kokatzen da “Aundiya”. «Pertsonaia erreal bat da, berarekin zoaz historian, eta badauka biopicetik. Baina saiatu gara, hori hor dagoela jakinda, beste gauza batzuk sartzen. Gerta daiteke bestela kontatzeko era estanko batean geratzea. Hori indargabetzen saiatu gara eta ikuspuntu, genero, desberdinak txertatu ditugu».

 

Hutsuneak

Altzoko Handiaren inguruan ez da dokumentazio askorik bildu. Donostiako San Telmo museoan daude bere kapela, eskularruak eta aulki bat. Badaude ere idatzi batzuk, baina oso laburrak gehienak. Dokumentu ofizialak ere bai, zergak jaisteko eskakizunak, eta nazioartean erakusteko nola sozietate bat sortu zuten, «baina askoz gehiago ez».

Bisitatu zituen lekuetako egunkarietan ere aurkitu dituzte erraldoiari buruzko aipamenak. «Aipamen kuriosoak dira, eta polita da, zeren gauza asko gezurrak dira». Arreba erraldoi bat zeukala esaten da horietako batzuetan, edo jaioteguna gaizki jarrita dago. «Kasik iragarkiak dira –aipatu du Garañok–, eta polita izan da ikustea ilustrazio batzuk ere badirela, eta jakitea horietako bakoitza desberdina dela». Beraz, zein da egiazkoa? «Zergatik egingo zaigu bat bestea baino sinesgarriagoa? Leku batzuetan esaten da fisikoki oso proportzionatua zela eta ez zeukala erraldoitasun zantzurik, eta beste irudi batzuetan ikusten da akromegalikoa zela erabat. Beraz, ez dakigu benetan nolakoa zen», aipatu du donostiarrak.

Eta hutsune horietantxe dago, hain zuzen, bi zuzendarien askatasunaren funtsa. «Historia nork kontatzen du azkenean? Pertsona batek? Gizarte batek? Estatu batek? Ze punturaino izan zen hori horrela?», jarraitu du.

Aitor Arregik aitortu du hasieran dokumentazio urria izatea ez zela gauza erraza izan –«arraroa zen, pertsona ezaguna baitzen»–. Dokumentu gutxi batzuk soilik izateak zehaztasunetik urruntzen zuen pertsonaiaren irudira gerturatzeko aukera, baina pasarte horien gabeziek sortzen dituzten hutsuneak betetzeko aukera zabaldu zitzaien. «Eta ohartu ginen ona ere bazela dokumentazio asko ez izatea, batez ere jokatu nahi bagenuen erreala den edo ez den kontzeptuarekin».

Bi zuzendariek argi utzi nahi izan dute “Aundiya” ez dela pertsonaiarekiko film fidela. «Ez dugu egin nahi Altzoko Handiari buruzko erradiografia bat eta ariketa historiko zehatz bat. Da pertsonaiari buruzko interpretazio bat, pertsonaia eta bere inguruari buruzkoa, bera bezain garrantzitsua baita hori ere», esan dute biek.

Uste eta mitoak

Migel Joakin Eleizegik egin zituen bidaietan jasan zuen tratuaz sarritan hitz egin izan da. Eta bi zuzendariek ez dute erabaki edo deliberazio propiorik hartu nahi. «Egiten zituen espektakuluak maila altukoak ziren, errege-erreginekin egoten zen! Eta ez dakigu zein punturaino tratatu zuten gaizki, baina daukagun irudiaren desberdina izan daiteke», ohartarazi du Garañok. Atzetik abiatu da Arregi: «Altzoko Handia da pertsona bat, iritsi zaigunagatik, Altzon pozik zegoena. Baina ez zaigu iritsi tratu txarrak jasaten zituenik, edo kaiolatan edukitzen zutenik. Anaia joaten zen berarekin, aita ere joan izan zen, pixka bat duintasun hori galdegiteko. Nahi izan dugu, beraz, hor dagoen hutsune hori ahalegindu jendeak uste dezakeen historia horretatik pixka bat urruntzen. Galdetzen duzunean Altzoko Handiari buruz, jendeak uste du erdi mozoloa zela eta gaizki tratatu zutela. Eta ez dago ez alde eta ez kontrako daturik horren inguruan».

Egindako ariketa txarkerietatik harago bideratu dute Arregik eta Garañok. Garai hartan, XIX. mendean, jendea ez zen bizi zen lekutik hamabost kilometro karratutik harago joaten –«Tolosara jaitsiko ziren asko jota»–. Beraz, Paris, Madril eta Londres bezalako hiriburuak ezagutzea esperientzia itzela zatekeen garaiko edonorentzat. «Ariketa hori egiten ibili gara, imajinatzen zein sentsazio sortu ahal dizkion ez bakarrik berari, baizik eta anaiari ere bai, halako lekuak deskubritzeak. Inbentzio bat da batzuetan, historiaren logikarekin uste duzuna ondo doana», esan du Arregik.

Moriartiko bulegoetan ezin uka daiteke “80 egunean” eta “Loreak” filmen presentzia agerikoa dela. Ez fisikoki, espazioan baizik. Jose Mari Goenaga bera, bi film horietan Garañorekin zuzendari aritutakoa, eta “Aundiya”-n Andoni de Carlosekin laukoa osatuz gidoilari aritu dena, ordenagailuari begira lanean ari da. Gidoiaz zerbait esateko eskatu dio Arregik; eta ez dio askorik: «Buelta asko eman genizkion». Argumentu etereoek eman diote arrakasta lantalde honi, errepidean utzitako lore batzuek berriki Oscarretarainoko bidea zabaltzeraino. Orain, muntaketa lanetan sartuta, postprodukzio fasean da proiektua. 2017an amaituko dute. Eta gero... gerokoak.