2016 UZT. 06 Zesta Markina-Xemein, Xistera Zirkuituaren hurrengo geldialdi berezia GARA Larunbat honetan Markina-Xemein izango da ekainean Durangon eta Andoainen hasitako Xistera Zirkuituko hirugarren Txapelketako finalen egoitza. Gauzak horrela, 19.00etatik aurrera, Unibertsitate frontoiak nagusi, gazte eta nesken mailako finalak hartuko ditu (guztiak ikusgai xistera.eus webgunean). Nagusi mailan, Narbarte eta Julien Tambourindeguy eta Ekhiren kontra neurtuko dira. Gazte mailan, Goixerri eta Theo Laborde Jon Bidondo eta Mikel Mancisidorren aurka arituko dira. Eta nesketan, Nahia Calvo eta Jane Arreitunaindia elkarrekin arituko dira Eneritz Lizardi-Maite Ortiz de Mendivilen kontra. Atzoko aurkezpenean argi geratu zenez, Xistera Zirkuitua Markinara heltzea gauza berezia da. «Jokamolde honek une latzak bizi izan ditu iraganean, baina orain pilak bete eta gazteek ilusioa berreskuratu behar dute», azpimarratu zuen Josu Mugartegik herriko pilota elkartearen izenean. Herriartekoan, zestaz eta eskuz Markina-Xemeineko taldeek asteburu honetan ekingo diote Euskal Herriko Herriarteko Txapelketei. Eskuz, Donezteberen aurka jokatuko du finalerdia eta zestaz Cabanillasen kontra. Bizkaiko txapeldunek Nafarroakoen kontra jokatu beharko dute.