2016 UZT. 10 Harri-jasotzea Josetxo Urrutiak aurreikuspenak bete eta Nafarroako txapela jantzi du Oso erraz lortu zuen helburua bigarrenari 900 kilo pasatxoko aldea kenduta.Xanta Sousak, berriz, aise eraman zuen emakumezkoen txinga lehiaketa. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta hainbat urtetan bigarren izan ostean, Josetxo Urrutiak irabazi zuen atzo Iruñean jokatu zen Nafarroako Harri-jasotze Txapelketa. Marka ikaragarria ez zuen egin, baina hala ere alde nabarmena kendu zien gainerakoei. Bakoitzak 125eko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen, eta bakoitzarekin aritzeko, berriz, bina minutuko txandak izan zituzten. Josetxo Urrutiak irabazi zuen txapela. 17 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 10 kubikoari eta 11 bolari. Denera 38 jasoaldi lortu zituen, eta 4.350 kilo bizkarreratu zituen. Bigarren postuan, berriz, Zugarrondo sailkatu zen. Honek 13 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 8 kubikoari eta 9 bolari. Denera, 30 jasoaldi lortu zituen, eta 3.425 kilo bizkarreratu zituen. Azkena, Irañeta, 19 urteko gaztea, sailkatu zen. Berak, 8 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 5 kubikoari eta 12 bolari. Denera, 25 jasoaldi lortu zituen, 2.760 kilo bizkarreratuz. Atzokoan, Nafarroako beste bi final ere jokatu ziren, eta horietan ere ez zen ezusterik izan. Nesketan, txingako finala jokatu zen, eta Xanta Sousak aise irabazi zuen, pasa den astean Euskal Herrikoan egin zuen bezalaxe. Esku bakoitzean 25 kiloko txingak hartu eta 33 plaza eta 1/4 egin zituen, gainerakoei alde handia kenduz. Lopez sailkatu zen bigarren, 13 plaza eskasekin. Gonzalez geratu zen hirugarren 10 plazarekin, eta Ugartek itxi zuen sailkapena, 6 plaza, 1/4 eta 1,16 metroko markarekin. Mutilen Lasto-altxatze Txapelketa, berriz, Goienetxek irabazi zuen 15 plazarekin, eta Landiribar izan zen bigarren 12rekin. Maila honetan bi besterik ez ziren neurtu. Gaurkoa Gaur ere herri-kirol jaialdia izango da 12.00etan, Iruñeko Foruen plazan. Gaurkoan aizkolarien Binakako finala izango da ekitaldirik garrantzitsuena. Bertan, Vicente II.a eta Kañamares III.a, Lopez eta Rekondo eta Ruben Saralegi eta Donato Larretxea lehiatuko dira. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Gainera, herrialdeko orga-jokoko finala ere jokatuko da gaurkoan. Josetxo Urrutia, Albaro Zugarrondo eta Alejandro Fernandez lehiatuko dira txapelaren bila. Hemen, gainera, datu kuriosoa ematen da, izan ere, parte hartuko duten hiruretatik bi atzo harriak jasotzen aritu ziren berak izango dira, Urrutia eta Zugarrondo. Jaialdia osatzeko, saioan zehar Inaxio Perurena arituko da harri ezberdinekin, zaleen gozamenerako. JENDETZAIruñeko jaietan Foruen plazan egunero izaten diren herri-kirol jaialdiek sekulako ikusmina pizten dute, eta atzokoan ikaragarrizko jendetza batu zen txapelketak ikusteko asmoarekin. Gaurkoan ere jende asko espero dute.