2016 UZT. 11 Aizkora Iker Vicentek eta Julen Kañamaresek eraman dute Nafarroako Binakakoa Jon LEUNDA Vicente II.ak eta Kañamares III.ak irabazi zuten atzo Iruñean Nafarroako Binakako Txapelketa. Jendetza handia izan zen berriro ere saioak ikusteko asmoarekin. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Final ederra, bikaina, izan zen ikusi ahal izan zena. Lehen enborretan hiru bikoteak parean aritu baziren ere, gero Lopez eta Rekondo atzera geratzen hasi ziren, eta lehia beste bien artean jarri zen. Alde oso txikiarekin aritu ziren ia azkenera arte, baina bi enborren faltan ihes egin zuten Kañamaresek eta Vicente II.ak. Aldeak ez ziren handiak, baina nahikoa izan zuten garaipena lortzeko, nahiz eta bukaerara arte ezin izan ziren lasaitu. Larretxeak eta Saralegik ez zuten etsi, eta azkenerako nahiz eta ikusi ez zutela garaipenik eskuratuko, lanean jarraitu zuten, eta 29 segundora geratu ziren. Lopez eta Rekondo azkar geratu ziren aukerarik gabe, baina haiek ere jarraitu egin zuten lanean, saio txukuna eginez. 24 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten Iker Vicentek eta Julen Kañamaresek lan guztiak bukatzeko. 25 minutu, berriz, Donato Larretxeak eta Ruben Saralegik. Jon Rekondok eta Juanjo Lopezek, 27 minutu.