GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Gaztedik eraman du lur gaineko denboraldiko azken txapela


Gaztedi A taldeak irabazi du 680koan txapela, denboraldiko azkena, eta honekin lau mailetatik hirutan gailendu da. Goiherri A taldeak txapel bat eraman du.

Azkeneko jardunaldira berdinduta iritsi ziren Gaztedi eta Goiherri, baina hirugarrengoan Laukizkoek aurre hartu zieten, eta horrekin txapela eurentzat izan zen. Erandiokoek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Hirugarren posturako ere emozioa iragartzen zen, eta horrelaxe izan zen. Gaztedi B eta Goiherri B berdinduta geratu ziren hirugarren jardunaldiaren ostean, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten. Kasu honetan Erandioko bigarren taldeak irabazi zuen, eta eurentzat izan zen hirugarren postua, eta laugarrena, berriz, Gaztedi B taldearentzat. Atzetik, Akelarre eta Gaztedi C geratu ziren.

Honekin amaitu da aurtengoz lur gaineko Euskal Herriko Txapelketa, eta garbi ikusi da Gaztedi eta Goiherri beste guztien gainetik daudela. Eta eskerrak bi klub hauek jarraitzen dutela, eta talde bat baino gehiago atereaz, bestela Euskal Herrikoa egiteko arazoak izango lirateke-eta.

Aizkora

Iñaki Kintanak irabazi zuen Arabako Bigarren Mailako aizkolarien finala, eta maila nagusira igoko da. Iaz galdutakoa berriro ere berreskuratu egin du, aurreikuspen guztiak betez. Atzetik, Jauregi, Lacobuti, Llanos, Armentia eta Juan Carlos Lopez sailkatu ziren. Aipagarria da, Anton Lacobuti errumaniarraren lana. Araban bizi den aizkolari hau aurten plazaratu da lehen aldiz, eta atzetik hiru utzi zituen. Ez da hasiera txarra izan.