2016 ABU. 13 Aizkora Bost bikote neurtuko dira Latasaren Oroimenezko Torneoan J.L. Gaur, Sunbillako pilotalekuan, Latasaren Oroimenezko Torneoa jokatuko dute bost aizkolari bikotek, 19.00etatik aurrera. Aizkolari ugarik parte hartuko du, beraz, eta denak ere maila handikoak izango dira, gaur egun punta-puntan dabiltzan kirolariak. Mugertza II.a eta Atutxa II.a, Larretxea eta Vicente II.a, Arria V.a eta Otaegi, Rekondo eta Ruben Saralegi eta Iñaki Azurmendi eta Jon Irazu izango dira lanean arituko diren bikoteak. Bikote bakoitzak, hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Denak dira aizkolari onak, baina Mugertza eta Atutxa aterako dira garaipena lortzeko faboritoak. Txinga Gaurkoan aizkolariak bakarrik ez dira izango, Perurena han izango da bi saio ezberdinetan 500 kilo jasotzeko asmoarekin, baina baita emakumezkoetan txingetan jaun eta jabe den Xanta Sousa ere. Brasildarrak 50 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean, orain arte emakumezkoetan lortu ez den marka bat egiteko.