2016 ABU. 17 Aizkora Irailaren 11n jokatuko da Lehen Mailako kanporaketa bakarra, Leitzan J.L. Oraindik Euskal Herriko Txapelketako final gutxi batzuk besterik ez dira jokatu, baina Euskal Herriko Federazioak jadanik ezagutzera eman ditu data garrantzitsu batzuk, nahiz eta oraindik beste batzuk falta diren jakiteko. Aizkolariek hartzen dute herri kiroletan protagonismorik handiena, eta Lehen Mailako finala da izarra. Maila nagusiak oraindik ez dauka finalerako datarik eta lekurik, baina bai kanporaketa jokatzeko, izan ere, irailaren 11n Leitzan jokatuko da kanporaketa. Bigarren Mailakoa ere oso garrantzitsua da, zaleek ikusi nahi izaten duten horietakoa, baina oraingoz ez kanporaketak, ez finalak, ez daukate datarik. Hirugarren Mailan, jadanik kanporaketa bat jokatu da, eta bigarrena abuztuaren 28an jokatuko da Lakuntzan. Baina maila honetako finala non eta noiz jokatuko den oraindik erabakitzeko dago. Zazpi Herrialdeetako Txapelketa da urteko beste ekintzarik garrantzitsuenetakoa, Euskal Herriko Olinpiadak deiturikoa, bertan herri kiroletan egiten diren ia kirolik gehienak egiten dira, eta zazpi herrialdeek hartzen dute parte, bakoitzak bere selekzio modukoa aurkeztuta. Final hori Donostian jokatuko da irailaren 3an. Abuztuaren 28an, berriz, bi final jokatuko dira. Alde batetik Gorritin, eta goizean, trontzalarien maila nagusiko finala jokatuko da, eta arratsaldean, berriz, Getxon orga-jokokoa jokatuko da. Irailerako, gainera, beste bi final daude, eta biak 24an, Aizarnazabalen lasto-altxatzekoa jokatuko da, eta egun berean, eta hau ere arratsaldean, Zarautzen kintopekoen harri-jasotze finala izango da. Irailaren 24an bertan, Euskal Herriko trontzalarien, baina mistoen, kanporaketa jokatuko da Larrabetzun. Harri-jasotzaileena eta segalariena dira jadanik jokatuta daudenak.