GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Prekaritatearen hiperrealismoa, ikusgai


Hiperrealismoaren erakusketa batek marka guztiak apurtu ditu Bilbon. Benetan ikusgarria da, zenbait kasutan hotzikara sortzeraino errealak dira gizakien erreplika batzuk. Lan itzela dute museoko langileek piezak ukitzea debekatuta dagoela gogorarazteko.

Erakusketa heldu da, gainera, museo horretan bertan hiperrealismo-ariketa baten ondoren. Era horretara etorri zait burura, behintzat, duela aste batzuk eskultura horien ondoan lan egiten duten hezur eta mamizko profesionalek burututako borroka.

Iritzi publikoaren aurrean «prekaritate» hitza aipatzearekin zuten egoera islatzeko nahikoa ez zela iritzita, bizi zituzten baldintzak detaileraino biluztu zituzten: soldatak, ordutegiak... baita era ezberdinetan irudikatu ere. Horietako batean markoen barruan jarri zituzten lehenengo pertsonan bizi zituzten «hiperprekaritatearen» datu errealak, eta ziurrenik figurak ukitzeko bultzada sentitzen duten horien antzera, baten batek galdetuko zien benetan ari ziren.

Pankarta batek ezin du egoera ezberdin guztien berri eman, baina norberak bai kartel batean, sareetan... Gogoan dut, bereziki, akordioa lortutakoan aipatu zutena. Duintasuna berreskuratzeaz hitz egin zuten, eta imajinatu nuen lan zentroetan bertan maila ezberdinetako langileak sor daitezkeela eta horrek eragin zuzena daukala harremanetan, autoestiman...

Beste langile batzuen borrokak daude kalean, jar dezagun arreta egoeretan eta jar gaitezen une batean euren azaletan, salatzen duten horrek pertsonalki ere zer suposatzen duen ulertu ahal izateko.