2016 ABU. 22 Harri-jasotzea Aimar Irigoien izan da Ergobiko harri baldarrarekin onena J.L. Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo Ergobian bertako harri baldarraren jokatu zen torneoa. Eizmendi eta Ostolatza salbu, gainontzeko harri-jasotzaile onentsuenak bildu ziren, eta lehia ikaragarria izan zen, eta egindako markak ere horrelakoxeak izan ziren. Izeta II.ak zuen marka aurreneko hirurek ondu zuten, eta Izeta berak ere berdindu egin zuen. 104 kiloko harri baldarra erabili zuten, eta lanerako, berriz, hamar minutuko txanda bana izan zuten. Aimar Irigoienek lan bikaina egin zuen, eta guztira 49 aldiz lortu zuen bizkarraren gainean berdintzea. Ezustea Mikel Lopetegi gazteak eman zuen. Zarauztarrak ere sekulako lana egin zuen, eta beregan dauden itxaropen guztiak atzo baieztatu egin zituen bigarren postua eskuratu eta harria 47 aldiz bizkarrean berdinduz. Inhar Urruzunok osatu zuen podiuma. Ondarroakoak ere ondu zuen lehen Izetak zeukan marka, hirugarren amaituz. Izeta II.ak berak ere ez zuen hutsik egin; berriro ere lan bikaina egin zuen 47 aldiz jasoz, eta lehen zuen marka berdinduz, baina atzokoan laugarren bukatu zuen. Izeta III.a ere oso ondo aritu zen. Aiarrak 41 aldiz jaso zuen harri baldarra, eta bosgarren postua izan zen beretzat. Atzetik, Izeta IV.a, 38 jasoaldirekin, Telleria IV.a, 34rekin eta Galarraga 27rekin izan ziren sailkatu zirenak. Denek ere lan oso ona egin zuten, eta, hala, bertaratu zen jendetzak kirolariek egin zuten lan bikaina eskertu nahi izan zuen. Harriekin jarraituz, atzo Azkoitian jokatu zen idi-proba apustua Lopategiren idiek irabazi zuten, 28 plaza eta erdiko marka eginez. Ialtzetaren idiek, berriz, 27 plaza egin zituzten. 500 ikusle izan ziren.