GARA Euskal Herriko egunkaria
Zesta Punta

Banakako Txapelketa atzeratu egin dute azken orduan


Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen Banakako Txapelketa atzeratzea erabaki dute azken orduan, atzo bigarren finalerdia jokatu behar zuen Iñaki Osa Goikoetxea ere min hartuta dagoelako orkatila bihurrituta. Aurreneko finalerdia bertan behera gelditu zen Mikel Egigurenek zuntz haustura bat zuelako, eta Olharan zuzenean pasatu zuten finalera. Baina atzo jokatzekoa zen bigarren finalerdia ere bertan behera uzteak suposatuko lukeen galera kontuan izanda, antolatzaileek txapelketa osoa atzeratzea erabaki dute, Binakakoa amaitutakoan –irailaren 10ean– berriz ekiteko asmoarekin. Goikoetxearen aurkariak ere, Hormaetxeak, ontzat hartu zuen erabakia.

Donibane Lohizune

Campos Berri pilotalekuan, berriz, ostegun gauean jokatutako Grand Slamaren finala Beaskoetxeak eta Irastorza beteranoek irabazi zuten Olharan eta Lekerika hiru jokotan mendean hartuta: 15-7, 12-15, 5-3.

Xistera zirkuitua ere gaur iritsiko da Donibane Lohizunera, eta lehen aldiz Lapurdiko pilotaleku batera. Jaialdia 18.00etan hasiko da eta gazte zein nagusi mailako finalerdiak kiniela modura jokatuko dituzte.