2016 IRA. 10 Aizkora Finalean izateko txartelak Leitzan irabazi beharko dira Atutxa, Azurmendi, Otaegi, Larrañaga, Irazu, Vicente, Rekondo, Saralegi, Lopez eta Mugertza neurtuko dira. Jon LEUNDA Bihar, 18.00etan, jokatuko da Leitzako Amazabal pilotalekuan Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako kanporaketa. Hamar aizkolari izango dira bertan. Berez hamabi izaten dira, baina aurten bi faltako dira. Alde batetik, Floren Nazabal ez da arituko. Etxarrikoak iaz utzi zuen aizkora, baina maila honetan zegoenez, bazuen parte hartzeko aukera. Ez da arituko, aizkora utzia duelako. Bestea Joxemari Olasagasti da. Igeldokoari ez zaio oraindik besoko lesioa osatu, eta ez dago aizkoran aritzeko moduan. Ondorioz, azken lekuan geratzen denak bakarrik galduko du maila. Aurreneko seiak, berriz, finalean izango dira; hori Bilbon jokatuko da urriaren 23an. Aizkolari bakoitzak finalean egin beharko duen lanaren erdia egin beharko du biharkoan. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Lana ez da txikia, baina handia ere ez, eta hor deskuidu bat nahikoa izaten da kanpoan geratzeko, hautagai asko baitaude. Horrelakoetan jendeak asko hitz egiten du; zeintzuk sartuko diren eta zeintzuk ez aipatzean ere izen dezente agertzen dira, baina batez ere hiru segurutzat jotzen dituzte denek, eta horiek Atutxa, Azurmendi eta Larrañaga dira. Bizkaitarra egungo Euskal Herriko txapelduna da, eta denentzat aurtengoa irabazteko faborito nagusia ere bai. Arriarangoak ere badaki zer den txapelak lortzea, eta bera ere finalean izango den zalantzarik ez du inork egiten. Larrañaga ere sasoi betean dago. Azpeitiarrak aurten irabazi du Gipuzkoako txapela, eta honekin ere inork ez du duda izpirik. Beste hiru izen aipatzean, Irazu eta Otaegi ere agertzen dira. Azkeneko finaletan izan dira bi zizurkildarrak, eta aurten ere hor izan beharko lukete. Iker Vicenteren izena ere asko entzuten da. Otsagabikoak, ordea, oraindik 18 urte besterik ez ditu, eta ez dauka besteek duten eskarmentu hori. Etorkizunean txapelaren lehian ibili behar duenetakoa da, baina maila nagusian bere lehen urtea izanda eta joan den asteko Zazpi Herrialdeetakoan egin zuenarekin nolabaiteko zalantzak sortu ditu. Zaleen ustez, ordea, finalean izango den besteetako bat da. Hala ere, beste laurak ere ez dira ahaztu behar. Bestalde, gaur, 18.00etan, jokatuko da Jataben Bizkaiko Bigarren Mailako finala. Bertan Txikon, Intxausti, Bihurri II.a, Duñabeitia, Oregi, Lekue eta Naredo jardungo dira. Bizkaitarrekin batera arituko da Naredo asturiarra. Lizentzia Bizkaian dauka, eta horregatik dauka lehiatzeko aukera. Bestetik, Binakako Harri-zulatzaileen finala jokatuko da gaur Miribillan, gizonezkoen binakakoa, hain zuzen, eta bihar ere Binakakoa, baina emakumezkoena, jokatuko da Santurtziko Mamariga plazan. Gaurko saioa 12.30ean hasiko da, eta biharkoa, berriz, 13.00etan. Dominarik gabe amaitu da eguna Lur Gaineko Munduko Txapelketako bigarren jardunaldian ez zen dominarik izan euskal taldeentzat. Kluben mailako azkeneko eguna zen atzokoa, eta bazegoen itxaropenik bai mistoetan bai gizonezkoen 640ko mailan, baina ez batean ez bestean ez zuten ezer egin. Emaitzarik onena Goiherri taldeak lortu zuen 640ko mailan, baina final-laurdenetaraino bakarrik iritsi ziren sokatiralari bizkaitarrak. Lehen fase bikaina egin zuen Erandioko taldeak, baina finalerdietatik at utzi zuen Alemaniako taldeak. Behin kluben mailakoa amaituta, gaur selekzioena abiatuko da. Horretan Euskal Herriko selekzioak izango du dominak lortzeko aukerarik, eta hori batez ere gaur izango da. Nesken 500 kilokoan eta mutilen 580koan izango dira aukerak. Kluben mailan Gaztedik brontzezko domina bana lortu zuen maila horietan, eta orain gutxienez hori errepikatzea izango da helburua. J.L. BAJAKKanporaketetan hamabi aizkolari izaten dira, baina aurten bi faltako dira. Alde batetik, Floren Nazabalek aizkora jokoa utzi egin du eta, bestetik, Joxemari Olasagasti ere ez da arituko, ez baitzaio bere lesioa osatu.