2016 IRA. 12 Aizkora Vicentek txapela lortzeko prest dagoela erakutsi du Otsagabiko gazteak minutu erdi bateko aldea kendu dio bigarren sailkatutako Aitzol Atutxari. Jon LEUNDA Iker Vicente izan zen atzo Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako aizkolaririk onena, eta horrekin batera finalerako txartela lortu zuen Otsagabiko gazteak. Berarekin batera, Atutxa, Larrañaga, Otaegi, Lopez eta Mugertza II.a izango dira Bilbon urriaren 23an. Maila galdu, berriz, Ruben Saralegik egingo du. Sekulako jendetza batu zen Amazabal pilotalekuan, harmailak leporaino bete baitziren. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen, hau da, finalean izango duten lanaren erdia egin behar izan zuten. Ezusteak izan ziren atzo jokatutako kanporaketan. Horietako nagusietako bat Iñaki Azurmendi izan zen. Arriarangoa Euskal Herriko txapelduna izana da, eta azkeneko urte askotan, bat bestearen atzetik, hutsik egin gabe, izan da finaletan, baina aurten ez da izango. Zazpigarren amaitu zuen, eta finalean sartu direnetako batek ez badu kalerik egiten, aurtengoa harmailetatik ikusi beharko du. Garaipena, Lehen Mailako aizkolari gazteenak lortu zuen, Iker Vicentek. Orain hiru urte gazte mailako txapela lortu zuen, orain bi, nahiz eta gazte mailakoa izan, Hirugarren Mailakoa, iaz Bigarren Mailakoa, eta aurten Lehen Mailako kanporaketan onena izan da. Bazeuden bere inguruan zalantza batzuk. Denek garbi zuten laster beharko zuela izan txapelaren lehian, baina oraindik oso gaztea da eta eskarmentu falta horrek zalantzak pizten zituen. Bada, atzo egin zuen lana ikusita, garbi dago aurten bertan ere txapela lortzeko faboritoen zerrendan sartuko dela. Amaieran 36 segundo kendu zizkion egungo Euskal Herriko txapelduna den Aitzol Atutxari, eta Otsagabiko gazteak denei mezua bidali zien, eta garbi utzi zuen txapela lortzeko borroka horretan izango dela aurtengo Euskal Herriko finalean. Gazteak atzo bikain aritu ziren, eta beste horietako bat Mikel Larrañaga izan zen. Azpeitiarrak hirugarren postua lortu zuen finalerako txartela lortuz. Hori bai, Vicentek minutu bat pasako tartea kendu zion. Finalean izango den beste gazteetako bat Mugertza II.a da. Mutrikukoak ere lan bikaina egin zuen, eta finalerako azkeneko txartela lortu zuen, seigarren postua lortu baitzuen; zazpigarren postuan geratu zen Azurmendiri lau segundo kendu zizkion. Finalean izango den seigarrena Juanjo Lopez da. Urte txarrak izan ditu, Bigarren Mailatik itzuli bat ere egin behar izan du, baina aurten helburua bete du, eta bera izango da finaleko zaharrena. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Vicentek. Atzetik, honako hauek sailkatu ziren: Atutxa (19.51), Larrañaga (20.28), Otaegi (21.40), Lopez (21.48), Mugertza II.a (22.02), Azurmendi (22.06), Irazu (22.14), Rekondo (23.37) eta Saralegi (24.22). Amaitzeko, beste bi zilarrezko domina Zilarrezko beste bi domina lortu zituen atzo Euskal Herriko selekzioak, Lur Gaineko Munduko Txapelketan. Atzokoan, aurrena mistoek lortu zuten zilarra eskuratzea, 600 kiloko mailan, Suediaren aurkako finala galdu ostean. Hala ere egindako lana ikaragarria izan zen, aitzakiarik gabekoa. Azkeneko domina, mutilek lortu zuten 640 kiloko mailan. Hor ere lan ikaragarria egin ostean iritsi ziren finalera, baina han Suitzako selekzioa izan zuten aurrean, eta hura ezin izan zuten gainditu. Hala ere, denak gustura amaitu zuten, lortutakoa latza izan baita. Euskal Herriko selekzioak emaitza bikainak lortu ditu Munduko Txapelketa honetan. Hiru zilarrezko domina eta urrezko bat eskuratu ditu, eta horrekin garbi utzi du, bai goman eta baita lur gainean ere, munduko selekziorik handienetakoa dela. Ezin dira ahaztu kluben mailan Gaztedik lortutako bi brontzezko dominak ere. J.L. BESTE FINALISTAKAitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Joseba Otaegi, Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza ere Iker Vicenterekin batera izango dira urriaren 23an Bilbon jokatuko den finalean.