2016 IRA. 15 Lurraldea Antolatzeko Gidalerroetan euskara indartzeko proposamena EAEko Lurralde Antolaketarako Gidalerroak berritzeko abian dagoen prozesuan, euskararen normalizaziorako proposamena aurkeztu zuten atzo UEMAk eta Kontseiluak Lakuako Ingurumen Sailean. Azken eguneraketa: 2016 IRA. 15 - 06:12h NAIZ, Ruben Pascual BILBO EAEn martxan dagoen Lurralde Antolaketarako Gidalerroak (LAG) berritzeko prozesuan hizkuntzaren normalizaziorako proposamenak aurkeztu dituzte UEMAk eta Kontseiluak. Ekarpena Lakuako Ingurumen Sailari helarazi zioten atzo batzar batean EHUko Arkitektura Saileko eta UEUko kide Unai Fernandez de Betoñok, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta UEMAko lehendakari Josu Labakak. Gidalerroak berritzeko prozesua 2015eko azaroan hasi zen eta 2018ra bitartean burutuko da. Eztabaida horretan euskararen normalizazioa aintzat hartzea eta «hizkuntzaren arnasguneak babestea eta garatzea» planteatzen dute, besteak beste. Proposamena bi aholkulari adituren ekarpenekin osatua dago: Unai Fernandez de Betoñok berak eta Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbide, Konstituzio Zuzenbide eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko kideak egindakoak. Azaldu zutenez, azken hiru urteotan bi eragileek Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak antolatu dituzte elkarlanean, eta bertan jasotako emaitzak orain aurkeztutako proposamenean txertatu dituzte: «Ildo horretan egin zen Eragin Linguistikoa Ebaluazioa (ELE) deritzon tresna eta oraingoa norabide berean beste urrats bat da». LAGak berritzeko 2018ra arteko eztabaidan eragile askoren proposamenak entzuteko aukera zabaldu dela aipatu zuten. «Erronda horren baitan» UEMAren eta Kontseiluaren txanda izan zen atzokoa. Nabarmendu zutenez, «UEMAren, Kontseiluaren eta bi aditu aholkulariren proposamena bateragarria eta osagarria da Lurralde Antolaketarako Gidalerroak berritzeko Oinarrizko Dokumentuarekin. «Zortzi puntuz osatutako lana da eta, besteak beste, euskararen arnasguneen kontzeptua gehiago garatzea» planteatzen du. Bestalde, «garapen orekatua» bultzatzearen alde egiten du, «prebentzio neurrien (ELE, adibidez) edo neurri zuzentzaileen bidez, hizkuntza dinamikak kaltetzeko arriskua duten egitasmoei mugak jartzeko aukera emanez». «Euskararen lurgune bereziak» Ingurumen Sailari helarazitako dokumentuan jasotakoaren artean, «egoitza-kuantifikazioa egiten denean, euskararen lurgune bereziak babestea eta zabaltzea ezinbestekoa» dela nabarmentzen dute, baita horiek kontuan hartuko dituen araubide zehatza osatzea ere. Euskaldunen dentsitatea babesteko eta berezitasun geografikoetan sakontzeko, «berandu baino lehen» Euskararen Lurralde Plan Sektoriala ere garatu beharko litzatekeela diote, euskararen eta lurraldearen gaineko politikak erkidego osoaren eskalan eta zehatzago hausnartuz eta bideratuz».