2016 IRA. 19 Eskalada Edu Marinek Ratikoneko «WoGu»mitikoaren bigarren igoera egin du Beat Kammerlander eta enparauek 1997. urtean zabaldutako bideak 8c zailtasuna du gehienez. Marra behetik kateatzeko bi hilabete behar izan ditu guztira eskalatzaile kataluniarrak. Andoni ARABAOLAZA Edu Marin argi erakusten ari da pareta alpinoetan espezialista handia bihurtu dela. Garai batean, kirol eskaladan goi mailako jarduerak egin zituen. Baina bere ibilbidean salto bat egin nahi izan du, eta azken urteotan hormatzarretako marretan makina bat eskalada bikain egiten ari da. Bere aitarekin “The Marin´s Alps Project” izeneko xedean murgildu da, eta dagoeneko izen handiko bideak eskalatu ditu: “Bellavista” (8b+, 500 m) eta “Pan Aroma” (8c/c+) Dolomitetan, “Orbayu” (8c, 500 m) Picu Urriellun, “Voie Petit” (8b, 450 m) Grand Capucinen... Eta azkena, “WoGu”, Ratikon. Beat Kammerlander eta enparauek 1997. urtean zabaldutako bide honek soilik igoera bat zuen: Adam Ondrarena. Hori duela zortzi urte izan zen, eta txekiarrak soilik 15 urte zituen. Zalantzarik gabe, “WoGu” bideak izen handia hartu zuen, batez ere bere zailtasunarengatik. Luze bat salbu, gainerakoak zortzigarren gradukoak dira. Eta gogorrena, lehena, 8c gradukoa. Hori guztia ikusita, muturreko marra mitiko horrek asko eskatu dio Marini; hain zuzen ere, bi hilabeteko lan eskerga. Luze guztiak banan-banan askatu ondoren, pasa den abuztuan behetik ekin zion, eta hirugarren saioan lehen errepikapena patrikara sartzea lortu zuen. «Gogorrena» Eskalatzaile katalanak lehen aldia zuen Ratikonen (Suitza), eta, jakina, eskalada estilo hartara egokitzea kosta egin zitzaion. Kateatu berri duen bideari dagokionez, Marinek dio ezustekoa hartu duela: «Bide berezia da oso, besteak beste, blokeko pausu ugari dituelako. Izaera horretako marra bat ez dut inoiz probatu. Ia luze guztiek blokeko sekuentzia bat dute, eta horiek luzeari zailtasuna ematen diote. Horretaz gain: oso teknikoa da, erregeleta txikiak ditu, hatzekin indar handia egin behar duzu, paraboltak oso urrun daude... Hori bai, arrokaren kalitatea ezohikoa da. Hitz gutxitan esanda, bide plakero zein blokero baten aurrean lan ederra egin dut». Protagonistak zazpi luze zituen aurretik, eta zalantzarik gabe onartu du lehen luzea (8c) giltza dela: «Gehien kostatu zaidana izan da. Hasieran, ez nuen metodo egokiena bilatu. Bizpahiru aste lehen luzea askatu gabe igaro ondoren, metodo ona aurkitu eta kateatzea lortu nuen. Berezia da, oso blokekoa». “WoGu” igo zuen lehenak, Ondrak, Kammerlanderrek bidearen zazpi luzeei jarritako graduak pixka bat aldatu zituen. Txekiarraren ustez honako zailtasuna zuten: 8c, 7c+, 8b+, 8b, 8b+, 8a+ eta 7c+. Marin, oro har, txekiarrarekin ados dago, baina, bere ustez, bigarren luzea 8a da eta laugarrena (helduleku txiki bat puskatu ondoren) 8b+. “WoGu” kateatu bezain laster, eskalatzaile katalana gustura zegoen oso «Alpeetako munstroa» igotzea lortu zela-eta: «Inolako zalantzarik gabe, Alpeetako biderik gogorrena da. Daukan zailtasuna izugarria da, eta onartzen dut hormatzarretan orain arte egin dudan zailena dela, baita gehien kosta zaidana ere. Hori dela eta, gehitu nahiko nuke ‘WoGu’ dela pareta alpinoetan gehien bete nauen marra. Bide hori probatzera lehen lerroan dauden eskalatzaile batzuk igaro dira. Horien artean, Nalle Hukkataival; hots, munduko blokerorik sasoikoena. Beste datu esanguratsu bat: ‘WoGu’-ren lehen igoera Adamena izan zen». Azkenik, Marinek adierazi du Ratikonen eskalatzea eskarmentu ederra izan dela: «Nire lehen aldia zen, eta argi geratzen da hango estiloa berezia dela oso. Horretaz gain, eguraldiaren menpe zaude: euria, hezetasuna... Ez dut aholkatzen bide hau abuztuan probatzea». EDU MARIN Beat Kammerlander eta enparauek 1997. urtean zabaldutako «WoGu» marraren (8c, 250 m) bigarren igoera sinatu berri du. Katalanak dio Alpeetako biderik zailena dela.