GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Zauriak eta orbainak, barrukoak eta kanpokoak


Politikagintza atsegin dugunontzat hauteskunde kanpainak jolas parke bat bezalakoak dira, gozamena. Baina ogibidez politikagintza jorratzen dugunontzat, egunero horri buruz aritzen garenontzat, gaia astun ere bihur daiteke. Are gehiago denbora tarte oso txikian hiru kanpaina jarraian bizi ostean. Saturazio puntua ez dago oso urrun.

Horregatik, iragan ostegunean ETB2n eztabaida egon arren, nik lehenengo katera jo nuen, “Gailurra” ikusteko. Asko gustatu zitzaidan Andoni Aizpuruk eta Irati Andak maisuki gidatutako saio berria, eta lehen atalerako Gorbeia aukeratu izanak telebistaren aurrean iltzatuta gera nendin lagundu zuen. Hainbeste alditan ibilitako landa, zelai eta zidorrak ikusteak, ia mitikoak bihurtu diren abizenek bertan jarraitzen dutela baieztatzeak, aspaldiko irakaslea aterpean dabilela jakiteak, eragin terapeutikoa izan zuen nigan. Hauteskundeetan edozer gertatzen dela ere, Itxinako haitzek eta Aldamineko harriek bertan jarraituko dutela egiaztatzeak zurrunbilotik atera ninduten, patxadatsu jarri.

Baina saioa bukatu zen eta eztabaidari heldu nion. Eta Alonso pantailaren aurrean nuela, gogoratu nuen Arrabako zelaietan oraindik gerraren orbainak ikusgai daudela, faxistek lur eder hura ere laidatu zutela; gogoratu nuen handik gertu, Mairuelegorretan, urte luzez ezkutuan entzun behar izan zituztela gure gurasoek euskarazko kantak. Eta gogoratu nuen herri honek askatasuna behar duela gu eta gureak, pertsona zein lur, behingoz patxadaz bizitzeko, zauriak ixteko, orbainak ez irekitzeko. XXI. mendekoa, ados, baina askatasun osoa.