2016 URR. 04 IKUSMIRA Atera kalera altxor bila, atera altxorra kalera Aitor Agirrezabal Kazetaria Ez, ez naiz Pokemon Go horretaz ari. Gainera, uste dut moda hori azkar pasatu zela, ala? Bueno, banioen. Euskal Herriak kalean dauka altxorrik handiena. Larunbatean Gasteizen Udazkenfest ospatu zen eta atzo Hatortxu Rockek bere 19. edizioak izango duen kartela aurkeztu zuen. Biek ala biek, beharra ikusi dute dispertsioaren aurkako ekimen hauek aurrera ateratzeko, ez nahia. Udazkenfestera jende ugari gerturatu zen, eta Hatortxu Rock urtez urteko arrakastaren bidean dago, sareetan piztu den sua ikusita. Baina ez nator biltzen duten publikoa balioan jartzera. Gauza ikusgarriak egin ditu herri honek eta horietako gehienak auzolanaren bidez atera dira aurrera. Konpromisoz, bakoitza bere neurrian eta indarrak batuz gauza handiak egin dira. Orain burura datozkit ikastolak edo gaur egun ere herri txiki askotan edozein lan edo ekimen burutzeko oinarrizkoa den bizilagunen arteko elkarlana. Bada, Udazkenfestek, aurrekoan elkarrizketa batean entzun nuenez, 300 pertsona baino gehiago izan zituen lanean. Hatortxuk, urtez urte, 500 lagun inguru biltzen ditu elkartasun gau bat aurrera ateratzeko. Ez dakit altxor hau euskal herritarron altxor esklusiboa den, ezta honen jatorria ikertu duen lanik baden ere, baina txikitatik irakatsi zidaten gurasoek talde lanean gauza handiak lor daitezkeela. Elkarrekin egin ditugu gauza politenak, baina gauza handiak ditugu egiteko. Altxor itzela daukagu kalean denek bide berean egiten dugunean bultza, baina herri honek duen altxorraren zati handi bat oraindik ezin da kalera atera.