GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Aitor Osa eta Maria Zorroza, Anbotoko Kilometro Bertikalean irabazle


Aitor Osa eta Maria Zorroza izan ziren Anbotoko Kilometro Bertikalaren bederatzigarren ekitaldiaren irabazleak. Aurreneko ekitaldietan Atxondora hurbildu ziren izar distiratsu haiek gabe, baina goi mailako parte-hartzearekin, ikuskizun ederra eman zuten korrikalariek Arrazola eta Anboto artean.

Kirola egiteko eguraldi ederra lagun, euririk ez eta giro fresko samarra, Aitor Osa txirrindulari ohia izan zen azkarrena gizonezkoen maila nagusian. Itziartarrak 39 minutu eta 12 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzen zuten 3,8 kilometroak betetzeko. Denbora ona, baina ez 2011n Marco de Gasperi handiak lortutako 37:14koa hobetzeko adinakoa.

Osaren atzetik, Iñigo Lariz sailkatu zen bigarren postuan, 40:27ko denborarekin, eta Iban Murua izan zen hirugarren erlojua 41:10ean geldituta. Joseba Larraldek eta Aitor Ajuriak osatu zuten aurreneko boskotea.

Emakumezkoetan, Maria Zorrozak 47 minutu eta 48 segundo behar izan zituen garaipena eskuratzeko, Oihana Kortazarren errekorretik 38 segundo eskasera. Bere lehiakideek dezentez denbora gehiago behar izan zuten helmugara heltzeko: Oihana Azkorbebeitia izan zen bigarren (51:34) eta Maider Fraile hirugarren (51:54).