2016 URR. 15 Aizkora Otañok eta Mindegiak Kopako kanporaketa jokatuko dute Beizaman Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko ebaki beharko ditu. Harri-jasotzaileen torneoan, Goenatxo III.a eta Aranburu neurtuko dira hiru harri ezberdinekin. Jon LEUNDA Beizamako Ilaunpe pilotalekuan jokatuko da gaur Urrezko Aizkorako Kopako beste jardunaldi bat, eta bertan Eneko Otaño eta Mieltxo Mindegia lehiatuko dira. Ikusmina piztu duen neurketa da hau, nahiz eta hasiera, 19.00, ez den ordurik onena. Erakargarritasun asko ditu, ordea, gaurko norgehiagoka honek. Alde batetik, Eneko Otaño bera, Beizaman arituko baita aizkoran, bere herritarren aurrean, eta horrek beti ikusmina areagotzen du. Bestetik, aurrean Mieltxo Mindegia izango du. Ez da ahaztu behar pasa den martxoan bi aizkolari hauek elkarren aurkako apustua jokatu zutela Donezteben, eta hura ikaragarrizko neurketa izan zen. Orduan gipuzkoarrak lortu zuen garaipena. Hori gutxi ez, eta pasa den larunbatean jokatu zuten Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa eta Otañok irabazi zuen, eta Mindegia izan zen bigarrena. Ondorioz, biak dira Lehen Mailara igotzeko faborito nagusiak, eta baita txapela irabazteko ere. Baina badu beste grazia bat ere lehiaketa honek. Hamar kana-erdiko zeinek azkarrago ebaki lehiatuko dira, eta lan klase hau da zaleek gustuko dutena. Beraz, gauza asko daude bi hauen artean, eta lana handia ez izan arren txikia ere ez da, eta segur aski oso norgehiagoka ona izango da. Orain arteko maila ematen badute, ikuskizuna ere handia izango da. Hemendik bi astera berriro neurtuko dira elkarren aurka, baina orduan Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean izango dira. Azkeneko emaitzak kontuan hartuta, eta Eneko Otaño etxean arituko dela ahaztu gabe, Beizamakoa aterako da irabazteko faborito. Izan ere, garaipena lortzen duenak aurrera egingo du, baina galtzen duenak agur esan beharko dio lehiaketa honi. Harri-jasotzea Gaur Beizamara doazenek, aizkolariez gain harri-jasotzea ere ikusiko dute Egur Sport enpresak antolatu duen lehiaketako beste saio bat jokatuko baitute. Alde batetik, Goenatxo III.a arituko da, eta bestetik, berriz, Xabier Aranburu. Bata azkoitiarra, eta bestea Idiazabalgoa, baina Urrestillan bizi dena. Beraz, gaurko jaialdian Beizama bertakoa edo ingurukoak dira gehienak, eta horrek gazte jendea ere mugituko du. Harri-jasotzaileek 150 kiloko harri errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu saioan. Eta bakoitzarekin aritzeko, berriz, bi minutuko txanda bana izango dute. Jasoaldirik gehien lortzen dituen harri-jasotzaileak lortuko du garaipena Bi harri-jasotzaile hauek primeran ezagutzen dute elkar. Askotan entrenatu ere batera egiten dute Goenatxo II.aren gidaritzapean. Beraz, ez daukate sekreturik, eta gutxi gorabehera bakoitzak zer egin dezakeen ere jakingo du gaurko saioa hasi aurretik. Lana polita da, azkar egiteko horietakoa, eta ikuskizun ederra eskaintzeko gai izango dira, biak ere maila oneko harri-jasotzaileak baitira, eta dutena emango dute. Beraz, herri kirolak gustuko dituenak, gaur Beizamara ez joateko aitzakiarik ez dauka, bai aizkoran eta bai harri-jasotzen bi kanporaketa bikain iragarrita baitaude.