2016 URR. 19 IKUSMIRA Euri-zirinaren legez Alazne Basañez Kazetaria Euri-zirinaren legez, ez du blai egiten bat-batean, baina konturatu orduko barruan duzu eta astindua eman behar diozu lekua hartzen ari diren zipriztinak aldetik kentzeko. Azken bolada honetan ene ustez indartsu zabaltzen ari diren mezu batzuk halakoak dira, erantzukizuna aldetik kendu eta fokua besteengan jarri, jasaten ari direnaren ardura beraiena bakarrik balitz bezala. Langabea, nolabait, lanik ez aurkitzearen erantzulea da: ez dago prestaturik, ez ditu behar diren kualitateak edota ez da beharrei egokitzen. Langabezia pairatzen duenak du ardura, behintzat hori da aginte ekonomikoa dutenak era subliminalean zabaltzen ari direna dituzten medio guztien bidez. Desjabetze prozesuen biktimek ere beren burugabekeriaren ondorioz galtzen dute etxea. Ez da hain gordinik esaten, hitz askoren tartean estaltzen da ondorio hori, zipriztinak dira, gerora, erne ez bagaude, dariola ditugunak: batzuk ahalegin handiak egiten ari dira, kasurako, alokairuak ordaintzeko eta beste batzuk... eta hor euri-zirinaren moduan zabaldutako ongarriak fruitu ematen du. Adibide ugari daude, askoz ere ageriagoak eta nahasiagoak ere, hor dago ba bere eraginkortasuna, ia konturatu gabe markatzen gaituela eta krisi egoeretan zorrotzagoak direla. Gure bista aurrean arbola ugari jartzen dute, basoa ikusten uzten ez digutenak. Kontua arbolak geu garela, era batera edo bestera egoera pairatzen dugunok. Eta egunotan sarri askotan Galeanoaren «mantaren» ideia etorri zait burura. «Pobreak pobreen kontra, beti bezala. Pobrezia manta laburregia da eta bakoitzak bere aldera egiten du», dio.