GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Gortinek burdinak adina pisatzen dutenean


Txinbo xaboiak igurtziaren igurtziaz hartzen du testurarik goxoena, baita formarik ederrenak ere. Amaren edo aitaren oihalezko mukizapi saretuak ere ez du zerikusirik klinex txuri eta hotzekin. Gortinen barrualdean lasaiagoak dira erritmoak.

Errezelen gibeletik zelatatzen ditugu bizilagunak. Leiho ertzetik behatu kalea eta plaza. Gortinek dantza egiten dute batzuetan, arin; bertzetan, ordea, burdinak adina pisatzen dute. Barroteak dira kartzela bihurtu den etxean. Kanpoan, jendearen begiradaren zama daramagu, erranen dutenak kezkatzen gaitu. Barrenean ikusezinak gara eta libre gara nahi duguna egiteko. Pribatuaren eta publikoaren arteko joko horretan bizi gara. Garenaren eta erakusten dugunaren artean.

Amatxiren janaria bigunegia iruditzen zitzaidala oroitzen naiz, goiz osoan mimatzen zuelako. Amarena ez da hain biguna, baina bai goxoa (ze erranen dut bada!) eta nirea gordinagoa da, presaka egina. Etxea zikin dagoenean segituan ohartzen gara, baina garbi dagoenean ez dugu ikusten. Mutrikun irekitako “Isilean” erakusketarekin, esker txarreko lan hauetan urtetan ibili diren eta dabiltzan emakumeak omendu nahi ditu Pello Ulazia artistak.

Emakumeak kanpoan lanean hastean, etxeak hutsik gelditu dira, ez direlako paraleloki gizonak sartu. Garbi usainaren ordez, zoko usaina sumatzen da. Amatxi-aitatxiek eusten diote sarri etxeko goxotasunari. Aunitzetan, ez dago bertze erremediorik. Soldata behar dugu. Iruditzen zait gogoeta aunitz dugula egiteko. Adibidez: zergatik ez ditugu gortinak kentzen?