2016 URR. 28 EUSKADI TA ASKATASUNAREN oharra gara, donostia Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, jakinarazi nahi du urriaren 12an indar polizialek ezagutzera eman zituzten armak zigilatze prozesutik kanpo zituela gure Erakundeak, indar polizialak gordeleku horretan zelatan egon zitezkeela sumatu baitzuen aspaldi ETAk. Denbora asko da gure Erakundeko inor bertaratu ez dela. Beraz, indar polizialek ez dute ETAren zulo bat desegin, ETAren kontra prestatutako tranpa bat baizik. Zergatik altxatu dute tranpa hori orain? ETA saiatu izan da kontrol segururik gabeko gordelekuei aterabide egoki bat ematen, armagabetze prozesuaren zain egon gabe. Antza, zentzu horretan mugimendurik egon zitekeela-eta azken aldian zabaldu diren zurrumurruek kezka sortu dute «garaituen eta garaileen» eskema inposatu nahi dutenen artean. Horrela, operazio horren bitartez, hedabideetan izandako zenbait filtrazioren ondotik, mezu argia zabaldu nahi izan dute: inork ez dezala mugimendu txikiena ere egin arrazoizko soluzio bila. Gainerakoan, esan behar dugu indar armatuen operatibo horren ondotik zabaldu diren datu eta informazioak gezurrez eta intoxikazioz beterik daudela, Espainiako Barne ministroak propaganda egiten segitu nahi duelako. ETAk horrelako gertaeren eta jokabideen larritasunaz ohartarazi nahi du, interes politikoak herritarren segurtasunaren gainetik jartzen baitira. Sinesgaitza da Frantziako Gobernua bere lurraldean horrela aritzea. Herritarrei zuzendu nahi gatzaizkie gobernuen arduragabekeriaz ohartarazteko. Aldi berean, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren ondorioak gainditzeko eta armagabetzean laguntzeko prest dauden eragileei ondoko hauxe helarazi nahi diegu: gure konpromiso guztiak betetzen saiatuko garela eta berriak ere hartuko ditugula. ETAren hitza dute. Euskal Herrian, 2016ko urriaren 18an Euskadi Ta Askatasuna ETA