GARA Euskal Herriko egunkaria

Gipuzkoako Aldundiaren Urrezko Domina, Ramon Saizarbitoriarentzat

Ramon Saizarbitoriak jasoko du datorren abenduaren 15ean Gipuzkoako Aldundiak ematen duen Urrezko Domina. Bi alorretan egindako lana eskertu nahi diote: euskara batua euskararen eredu estandar gisa gizarte bizitzaren alor guztietan finkatzeko egindako lana eta euskal literatura modernoari egindako ekarpena.


«Bizirik diren euskal idazleen artean emankorren eta jorien artean dago, zalantzarik gabe; hau aski litzateke domina berari emateko. Baina euskal idazle izateko jokamolde baten aitorpena ere izan nahi luke bereizgarri honek, ezer baino lehenago: euskara batuari bidea zabaldu zion kultur belaunaldi baten aitorpena». Imanol Lasa foru bozeramailearen hitzak dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak erabaki du Ramon Saizarbitoriari (Donostia, 1941) ematea Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldeko bereizgarririk gorena.

Giro nahasi eta eztabaidaz betean, idazle gazte talde batek, «1964ko belaunaldia» deitutakoak, «euskara batuaren berehalako gauzatzea eta etorkizuneko bizitza ziurtatzeko jokatutako paper erabakigarria» ekarri zuen gogora Lasak: «Ramon Saizarbitoria belaunaldi hartako idazle nabarmenena izan zen, euskara batua literaturgintzarako eta, oro har, kultur egintzarako tresnatzat hartu zuten aitzindarietako bat, konpromiso intelektual argi batez gain, engaiamendu pertsonal zorrotz eta eragile bat erakutsita».

Saizarbitoriak berak kontatutako bizipena aipatu zuen Lasak: «Jarrai antzerki taldean aritu zen garaian, behin Azkoitira joan ziren antzerki lan bat jokatzera. Emakume batek galdetu omen zien ea ingelesez ari ote ziren, ez baitzien hitz bakar bat ulertzen».

Berritzailea

1969an eman zuen argitara idazle donostiarrak “Egunero hasten delako”. «Gaia bera, abortua, txundigarria izateaz gain garai hartako euskal literaturan eta gizartean, Saizarbitoriaren eleberriak ordura arteko bide narratibo guztiak irauli zituen, euskal letretan ezagutu gabeko teknika narratiboak erabili zituen, Europako literatura aitzindarienaren mailan», azpimarratu zuen Lasak.

Nobela hura «euskal literaturaren aro modernoaren hasieratzat» jo du bozeramaileak. «Zentzu guztietatik begiratuta». Gero etorri ziren “Ehun metro” (1976) eta “Ene Jesus” (1976).

Ia hamar urte argitaratu gabe egon ondoren, 1990eko hamarkadaren erdialdean itzuli zen literaturgintzara. “Hamaika pauso” (1995) liburuarekin Espainiako Kritika Sari Nazionala jaso zuen. 1996an, berriz, “Bihotz bi. Gerrako kronikak” atera zuen. 1999an “Aberriaren alde (eta kontra)” saiakera plazaratu zuen, euskararen eta euskal kulturaren egoerari buruz. “Gorde nazazu lurpean” (2000) kontakizun bildumak Kritika Sari espainola eta Euskadi Saria jaso zituen.

Heldutasuna

Ordutik hona argitaratutako lanetan «heldutasun narratibo sendo eta indartsu bat» erakutsi du Saizarbitoriak, Lasaren esanetan. 2012an bere idazlanik luzeena argitaratu zuen –ia 800 orrialde– “Martutene”, bederatzi urte idazten eman eta gero. «Elementu autobiografiko ugariekin batera, bere eleberrietan izan dituen gai asko jasotzen ditu, era landu eta sakon batean», goraipatu zuen.

«Askok ez daki, baina Ramon Saizarbitoria lanbidez soziologoa izan da erretiroa hartu arte. SIS Ikerketa Zentroko zuzendaria urte luzeetan, eta gizarte zerbitzuen arloko ikerketa eta txosten ugari burutu eta zuzendu ditu».

Urrezko Dominaren banaketa ekitaldia abenduaren 15ean izango da. Saizarbitoriaren aurretik Juan Antonio Urbeltzek (2015), Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso dute domina.