2016 AZA. 10 IKUSMIRA Zer gertatuko da klima aldaketarekin? Jose Angel Oria Kazetaria Marrakexen egiten ari den klimaren inguruko konferentzian esku hartzen ari direnentzat ez zen berri ona izango Trumpen garaipena, Marokoko hiri turistikoan elkartutakoek «klima justizia» eskatzen duten bitartean, AEBetako boto-emaileek injustizia hori areagotu nahi duen hautagaiari eman baitiote Etxe Zuria. Alderdi Errepublikanoaren izenean (alderdiko buru garrantzitsuenen borondatearen aurka izan bada ere) hauteskundeetara aurkeztu zen dirudunak kanpainan zehar agindu du erregai fosilen negozioari mugak kenduko dizkiola, Obama presidenteak geldiarazi zuen Keystone XL oliobideari ateak zabalduko dizkiola eta Nazio Batuek klima aldaketari aurre egiteko dituzten egitasmoak ordaintzeari utzi egingo diola. Mundu osoko frackingzaleak eta bestelako negozio zikinen aldekoak, Euskal Herrikoak barne, pozik; eta datozen belaunaldiei utziko diegun planetaren bilakaerarekin kezkatuta dauden herritarrak, lur jota. Noam Chomsky pentsalari estatubatuarrak Bartzelonan esan berri du gero eta bortitzagoak izaten diren hondamendi naturalek urtean 25 milioi iheslari eragiten dituztela. Bost axola New Yorken jaiotako politikari berriari, bere ustez horrelako arazoak horma eta hesi handiagoak eraikita konpontzen baitira. Segolene Royal ministro frantsesa Marrakexen da. Atzo bazterrak lasaitzeko diskurtsoa egitea tokatu zitzaion, Trumpek ezin duela Pariseko Itunaren betetzea geldiarazi esanez, kanpainan kontrakoa adierazi badu ere. Berak ez du ulertzen dirudunaren jarrera. Marine Le Penek bai, agian.