2016 AZA. 11 IKUSMIRA Matxista da, baina total... Maider Eizmendi Kazetaria Zirt edo zart. Aurreikuspenek edozer gerta zitekeela zioten, baina uste dut gehienok bagenuela nolabaiteko esperantza Trump ez zela garaile irtengo hauteskundeetan; ez Hillary Clintoni dohainak nabarmentzen zaizkiolako, besteari akats eta hanka-sartzeak haien gainetik ageri zaizkiolako baizik. Orain protestaka ari dira batean eta bestean, baina kexuaz harago besterik ezin da egin tamalez dagoeneko. Agian, presidente berriaren aukeraketak nazioarteko politikan edota ekonomian izango duen eraginaz arduratuta daudenak emakumeez esan dituenak huskeria direla pentsatuko dute, baina niri zer pentsa eragiten dit gisako astakeriak esateko gai den pertsona bati herriak boterea eman izanak. Emakumeak objektu gisa deskribatu ditu behin baino gehiagotan, horien gorputzak sexualizatu ditu publikoki, edertasuna ez beste baliorik ez duten izaki gisa aurkeztu ditu, euren aurkako jazarpena justifikatu du... eta, hala ere, AEBetako gizon eta emakumeek ez dute behar adina zigortu –boto gehiago lortu ditu Clintonek, baina ez Trumpi agintea kentzeko adina– eta uste dut munduko bazter askotako agintariek ere ez dutela egingo, misoginoa eta matxista bada ere, haren etsai baino “laguntxo” izatea komeni zaielako. Gainera, jarrera batzuk besteak baino errazago barkatu ohi dira. Total... Ba total-total... Mundu mailan komunikabideetan tarterik handiena hartzen duen pertsona edozer esateko gai da eta, bistakoa denez, ez du emakumeen eta haien eskubideei begirako errespetu handirik. Total...