2016 AZA. 12 sokatira Finalerako txartelak banatuko dira Anoetan J.L. Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, 11.30ean, Anoetako kiroldegian. 320 kilokoak izango dira oraingoan ere, eta finalaren aurretik jokatuko den azkena izango da. Bi multzotan banatuta arituko dira, eta bakoitzeko aurreneko hirurek jokatuko dute datorren asteko finala. A multzoan, Murueta A izan zen lehen jardunaldiko onena, eta bere atzetik Ibarra A, Txantrea eta Gabadi sailkatu ziren. Tiraldi garbiak izan ziren denak lehen jardunaldian, ez zen berdinketa bakar bat ere egon; beraz, badirudi aurreneko hirurek gaurkoan ere errepika dezaketela eta horiek izango direla finalean. Bigarren multzoan, berriz, aurreneko jardunaldian Beti Gazte izan zen irabazle, eta denek garbi daukate Lesakakoak finalean izango direla. Bigarren postuan berdinduta geratu ziren Ñapurrak eta Ibarra B, eta horien atzetik, Murueta B. Badirudi hiru horien artean egongo direla beste bi postuak, eta finalean izateko txartelak. Azkena 6 Conceyos sailkatu zen, eta ez dirudi asturiarrek azkeneko ekinaldian izateko inongo aukerarik izango dutenik. Nafarroako Txapelketan, berriz, gaur, arratsaldeko seietan jokatuko da Berriozarren azkenengo jardunaldia. Mutilak 600 kilokoan lehiatuko dira, eta Beti Gazte doa lehendabiziko postuan. Berriozar eta Txantrea ere ari dira. Emakumezkoak 375ekoan ari dira. Berriozar doa lehenengo, eta Txantrea ere arituko da. Azkenik, 420ko mistoak jokatuko dira. Txantrea doa lehenengo. Berriozar A eta B eta Kaskailueta ere ari dira.