2016 AZA. 14 HIMALAIA Paul Ramsden eta Nick Bullock Tibet ezezaguna esploratzen Alpinista britainiarrek Nyainqentanglaren hego-ekialdeko tontorraren (7.046 m) lehen igoera egin dute. Zehazki, ipar zutoina eskalatuahal izateko bost egun behar izan zituzten. Sortutako bideak 1.600 metro eta ED+ zailtasuna ditu. Era alpinoan eskalatu zuten. Azken eguneraketa: 2016 AZA. 14 - 06:56h Andoni ARABAOLAZA Pasa den urrian, Paul Ramsden eta Nick Bullock alpinista britainiarrek indarrak batu zituzten Tibeteko Himalaian igo gabe zegoen zazpimilako bat egiteko. Nyainqentangla du izena, eta lerrootako protagonistek hego-ekialdeko tontorraren ipar zutoina eskalatu zuten. Urriaren 2tik 6ra 1.600 metroko marra bat gainditu zuten; beste pare bat egun behar izan zituzten ekialdeko ertzetik jaisteko. Estilo alpinoan eginiko eskaladaren zailtasunari dagokionez, britainiarrek ED+ jarri diote. Esan bezala, Ramsden eta Bullock Nyainqentanglako haran ezezagunean esploratzen izan dira; antza denez, hori egiten mendebaldeko lehen alpinistak izan dira. Tom Nakamuraren argazkietan inspiratu ziren, eta, Google Earth-en ibili ostean, zazpimilako horrek dituen lau tontorretatik (horietako bi igo gabe zeuden) bat hautatu zuten. Ramsdenek urtero egiten duen espedizioan Mick Fowler ez du alboan izan, Bullock baizik. Eta hain zuzen ere, azken alpinista horrek Nyainqentangla mendian bizi izan duten eskarmentua gurekin partekatu du. Xede ezezaguna «Nyainqentanglaren tontorrak aztertu bezain laster, Paul eta biok girora egokitzeko fasearekin hasi ginen. Paulek argi zeukan zer eskalatu nahi zuen. Tom Nakamurarekin hainbat mezu elkar trukatu ondoren, aukeratutako zazpimilakoaren ipar aurpegia eskalatu behar genuela esan zidan. Irudietan horma hori apenas ikusten zen, baina Google Hearth-en laguntzarekin aukera bagenuela baieztatu zen. »Oinarrizko kanpalekua 5.000 metrora altxatzeko asmoa genuen, baina beste 400 metro igo genituen belarrezko zelai batean atontzeko. Aipatu zigutenez, lau tontorretatik bi igo gabe zeuden, eta gu hego-ekialdeko tontorra aztertzera abiatu ginen. Ipar aurpegi misteriotsura abiatzen ari ginela, segituan ohartu ginen horma hori dramatikoa zela, triangelu baten itxura zeukala eta oso ederra zela. Pauli aurpegira begiratu nion, eta bazirudien amesten ari zela. Jakina, normala zen. Igo gabe zegoen zazpimilako baten aurrean geunden. Eta, gainera, alpinismoa egiteko behar diren osagai guztiak zituen: izotza, elurrezko zelaiak, ertzak... Hitz gutxitan esanda, desitxuratuta zegoen Matterhorn bezalako munstro bat parez pare genuen. »Berez, eskalada 5.400 metrora hasi eta 7.046ra bukatu genuen. Denera, 1.600 metroko marra. Paul eta biok balizko bideak aztertzen ari ginen, baina, une batean, argi genuen nondik igotzeko prest ginen. Ez genuen urrunago begiratu behar. »Mendilerro horretako eguraldia nahiko nahasia zen. Ia egunero: eguzkia, euria, elurra, haizea, elurbustia, lainoak, ekaitza, kazkabarra... Hori guztia ikusita, jakin bagenekien bost eguneko leiho on bat ezinezkoa izango zela. Gainera, eguraldiaren iragarpenak jasotzeko aukerarik gabe geunden. »Girora egokitzen bost egun eman genituen. Atseden apur bat hartu eta prest geunden geure xede ezezagunari ekiteko. Bizkar-zakuak topera bete genituen, eta aurpegi triangeluarra zeukan helburura abiatu ginen. Eskalatu behar genuen horma erraldoia zen. Tresneria guztia han utzi ondoren, berriro kanpalekura jaitsi ginen. Aurreratu behar dut ere, bidaia horrek Paulen sinadura zeramala; bera izan zen espedizioa antolatu zuena eta ni ‘laguntzaile’ bat besterik ez naiz izan. »Egun bateko atsedena hartu eta paretaren oinarrian gaua igaro genuen. Harrigarria bada ere, kanpalekura joan ginenean eguraldi eguzkitsua eta lehorra izan genuen; bidaian lehen aldiz. Bazirudien jainkoen oparia zela, baina segituan ohartu ginen zorte horrek ez zuela iraupenik izango. »Eskaladaren lehen egunean denetarik izan genuen: elur sakona, leizeak, tarte tenteak, esplorazio pixka bat, seguruak urrunegi... Baina, inolako zalantzarik gabe, eskalada ikusgarria eta zoragarria. Bide egokian geunden, eta eguraldiak ez zuen asko laguntzen. Gelditzea erabaki genuen, batez ere biharamunean gainditu behar genituen tarteak oso tenteak eta teknikoak ikusten zirelako. Aldez aurretik aztertutakoaren arabera, bigarren egun hori jardun osoaren giltza izango zen. »Gau eroso bat igaro eta gero, goiz hasi ginen eskalatzen. Elur aldats batzuk igo eta izotz sekzio batera heldu ginen. Luze horiek sokaburu egin nituen. Zailak ziren oso. Eta, gainera, baldintza oso eskasetan zeuden. Antza denez, bidearen giltza patrikan sartu genuen. Paul niregana iritsi zenean, erabaki genuen bibaka antolatzeko garai zela. »Hirugarren eguna motza eta erabakigarria izan zen. Berez, gure eskuinera hiru izotz zelaiak lotzen zituen bidetik igo nahi genuen. Baina bi egun fisiko gogor eskalatzen igaro eta gero, aukera horrek dudak sortu zizkigun. Ezkerraldera begira jarri ginen, eta tontorrera zuzen eramaten zuen beste marra bat ikusi genuen. Esan dudan bezala, egun motza izan zen. Ertz batean erlaitz bat antolatu, denda torloju batzuetatik zintzilikatu eta bibaka prest genuen. Baina gau osoan elurra, elurbustia, kazkabarra eta haize bolada indartsuak jasan genituen. Gure urte sabatikoa amaitu zen. »Laugarren eguna oso luze egin zitzaigun, baina aukera izan genuen 6.700 metrora igotzeko. Berriro ere gau osoan elurra egin zuen. »Eskaladaren gure azken egunean, elurra egiteaz gain, eguzkiak ere protagonismo pixka bat hartzea erabaki zuen; haize bolada indartsuek ere ondo astindu gintuzten. Tontor eguna izan zen. Paul eta biok pozarren geunden. Eguraldia ez zen batere txarra, baina argi geneukan txartzera jotzen bazuen ez ginela igotako bidetik jaitsiko. Mendia zeharkatzea erabaki genuen; hain zuzen ere, ekialdeko ertzetik. »Di-da batean laino itxiaren menpe geratu ginen. Ez genuen ia batere ikusten. Jaitsiera nahiko arriskutsua izan zen, eta, hiru arrakaletan erori ondoren, gelditzea erabaki eta Paulek aurkitutako zulo batean denda altxatu genuen. »Alabaina, ez geunden oso arduratuta; izan ere, laino itxia bai baina eguraldia ez zen oso traketsa. Biharamunean, hodei horiek altxatu eta gure bidea ikustea besterik ez zitzaigun falta. Gauean elurra hasi zuen, ezin nintzen lokartu. Gutxi gorabehera, 6.500 metrora geunden. Erabat harrapatuta, elur askorekin eta janari gutxirekin. »Seigarren egunean elurrak ez zuen etenik. Den-dena zuria zen. Goizeko 9etan, haizea baretu zen. Jaisten jarraitu genuen; hori bai, balantzaka. Paulek usaimen bikaina du eta bide egokia aurkitu zuen. Ertzaren behe aldera iritsi ginen, betiere tarte tekniko batzuetatik. »Azken eguna oso luzea eta neketsua izan zen. Zazpi-zortzi orduko ibilaldi luzea egin eta gero, herrixka baten ingurura heldu ginen. Gure arduradun tibetarra han zegoen, eta haren etxera abiatu ginen. Zazpi eguneko jarduera izan zen; gogorra, oso gogorra. Paul eskertu eta zoriondu nahi nuke, batez ere duen irudimenagatik eta mendi garai eta tekniko horietan ibiltzeko duen eskarmentuagatik». ESPLORAZIOA Tibeteko haran hori bisitatu duten mendebaldeko lehen alpinistak izan dira. Britainiarrek zazpimilakoaren ipar zutoina aukeratu zuten. EGURALDI TXARRA Bost eguneko eskaladan 1.600 metro igo zituzten. Zazpi eguneko jardueran eguraldi nahasia eta kaskarra izan zuten. Eskaladari ED+ zailtasuna jarri diote. LEHEN IGOERA Pasa den urrian, Paul Ramsden eta Nick Bullock britainiarrek Nyainqentanglaren hego-ekialdeko tontorra (7.046 m, Tibet) eskalatu zuten.