2016 AZA. 25 IKUSMIRA Zazpiak Altsasura eta eztabaida aurrera Aitor Agirrezabal Kazetaria Altsasu. Horixe biharko mobilizazioak izango duen leloa. Mezu sinple eta zuzena, azken asteetan gertatutakoa ederki biltzen duena. Zazpi gazteren espetxeratzea eta beste biren inputazioa ez baita zazpi gazteren eta beste biren aurkako erasoa. Herriak bere burua erasota sentitu du, eta ez Soto del Real edo Alcalan dauden horiek erasota. Euskal Herriaren bake prozesu eta normalizaziorako bidean, ezinbestekoa da desmilitarizazioaren gaia errotik hartu eta konponbiderako noranzkoan jartzea. Ez dago ulertzerik nola Sakanak, 19.000 biztanle inguruko bailarak, bi kuartel dituen, kolonia batean irauten duten gotorleku bezala irakurtzen ez bada. Inongo zentzuzko argudiorik onartzen ez duen operazio honek helburu asko gorde ditzake: bake prozesuari beste traba bat jartzea, Nafarroan martxan dagoen aldaketari arrakalak eragin edo, nola ez, Guardia Zibilak Euskal Herrian idatzi duen historia beltza zuritzea. Azken puntu honetan, Estatu espainoletik iritsi diren hedabideek paper protagonista hartzea erabaki dute. Azkenekoa, Telecinco kateko kazetari bat, zeinek, kamera ezkutu bat soinean, Altsasun bizi den «giro jasanezina» azaldu nahi duen. Noski, hamarkadetan Guardia Zibilak herri honetan egindakoak elkarbizitza zaildu du, baina aspaldi ez du ezerk giroa atxiloketek bezainbeste nahastu. Hala ere, gaur-gaurkoz, zazpi horiek etxeratzea izan behar da guztion lehentasuna. Horren ondotik, Altsasuko Zazpiekin batera, desmilitarizazioaren eztabaidan sakondu eta konponbidean aurrerapausoak eman.