2016 ABEN. 05 ZIRIKAZAN Kultura sexuala, finean Josebe EGIA Izenburuak erakarrita irakurri nuen “Berria”-ko artikulua: «Gizonek ezin diote izkin egin». Zehazki zeri, pentsatu nuen, erantzukidetasuna oro har gogoan. Izan ere, berde dabiltza gizonak oraindik ardurak –norberarenak eta sozialak– benetan partekatzeko jardun horretan, eta eurekin zerikusirik ez balute bezala jokatzen jarraitzen dute, iskin egiten, alegia.“Berria”-koa haurdunaldia ekiditeko erantzukizunaz ari zen, gizonezkoentzako hormona bidezko tratamendu baten ikerketa bertan behera utzi dutela eta. Ez dute merkaturatuko, albo-ondorioengatik, gizonek pairatu beharreko albo-ondorioengatik. Badirudi emakumeok geure bizitzan urte luzez sexu segurua praktikatzeko gehiago edo gutxiago jasaten ditugun horiek (zorabioak, goragalea...) onartezinak direla gizonentzat, eta botikagintzaren munduak uste du, eremu ilun eta diruzale itzel horrek, gizonezkoek bere gain hartu beharreko halako tratamendu batek ez lukeela arrakastarik izango merkatuan. Finean, gure jendarte ustez moderno baina izugarri tradizional honetan, bikote heterosexualetan emakumeen gain segitzen dute sexu segurua bermatzeak, haurdunaldiarekin zerikusia duen guztiak (berau bultzatzeko zein ekiditeko) eta, nola ez, bikotekidearen asebetetzea, ondoko gizonezko horren zorion sexuala. Emakume ugariren kezka da hori, norbere erantzukizunak uxatzeko hain baliagarria den «etxean ez dagoena kanpoan bilatuko da» pentsamolde izu-eragilea jendartearen muinean iltzatuta. Gizonek, ordea, oro har, buelta gutxi ematen diote eurek eskaintzen duten jardun sexualaren kalitateari, eta bere garaian ikasitakoaren arabera funtzionatzen dute emakume guztiak berdinak bagina bezala, guztioi gauza bera modu berean gustatuko balitzaigu bezala, nor duzun parean burua berrabiarazi eta input berriak aintzat hartuta moldatzeko inolako gaitasunik gabe. Honelaxe jarraitzen dugu: ez ukitu gizon baten gizontasunaren alderdi hori, bat-batean etsai bilakatuko zatzaizkio eta. Gure kultura sexuala ere gizonezkoaren gozamenean eta gogobetetzean dago oinarrituta, haren grinan eta jokamolde askean; beraz, harremanen atal horrek horrela jarraitu bitartean, andrazkook horretan eta beste hainbestetan egongo gara desorekatuta, izango gara galtzaile eta, gainera, sentituko gara errudun. Jabetu ezean, behingoz, geure gozamenaz eta ongizateaz batere kezkatzen ez den horrek ez duela merezi, eta, etxekoari buelta ematen ahalegindu ere ez bada egingo, hobe dugula kanpoan urrun ohe berean baino.