2016 ABEN. 11 PRESOEN AUZIA KALERA ZABALDU DA PRESOAK ETXERA EKARTZEKO ERREGAIA EZ GARA ETXEAN GERATUKO». HORIEXEK IZAN ZIREN HAMARNAKA PRESO OHIK ATZO USURBILEN ESANDAKO HITZAK, KALERA KALERA EKIMENAREN AURKEZPENEAN. PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA EKARTZEKO BIDEA ZABALTZEA DUTE XEDE, GATAZKAREN ONDORIOEN EZTABAIDA JENDARTERATUZ. KONPONBIDEAREN ERREGAI IZAN NAHI DUTE. Iraia OIARZABAL Arratsaldeko bostak inguruan argituta ageri zen oraindik Usurbil. Ez zegoen kandela beharrik plazarako bidea jarraitzeko. Jendetza ikusten zen urrunetik eta frontoira gerturatuta hamarnaka lagun ikusten ziren agertokiaren atzean prest. Erdian “Kalera Kalera” hitzak, iluntzearekin batera kandelek borobilean inguratu zituztenak. Kanta ezagunaren doinua burura dakarren mezuak argi dioen moduan, presoak etxera ekartzea da helmuga. Joan den azaroaren 8an Bilbon aurkeztutako ekimenak Usurbil izango du erdigune urtarrilaren 8ra bitartean, nahiz eta mobilizazioak eta ekintzak Euskal Herri osora zabalduko dituzten. Egunero preso ohiek osatutako talde batek igaroko du gaua Gipuzkoako herrian kokatutako karpan. 300dik gora lagunek eman dute izena. Kaleragunea deitu dutena inauguratu aurretik egindako ekitaldian, Maitane Sagastume eta Juanjo Legorburu preso ohiek hartu zuten hitza eta ekimenak izan nahi duena azaldu zuten: «Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gunea». Horretarako prest eta gogotsu daudela ere nabarmendu zuten, ongi baitakite bertan bildu zirenek zer den kartzelan edo ihesean egotea, baita horrek senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendua ere. Horretxegatik, errealitate hori euren bizipenetatik gizartera nahi dute zabaldu, presoen auzia mahai gainean jarri eta konponbiderako bideak zabaltzeko. Horrekin batera Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abiatzear daukan eztabaida gizarteratzeko esparrua izan nahi du. Kolektiboak irailean iragarri zuen kartzelak usteko bidean eta presoen auzia aztertu asmoz eztabaida bat abiatuko zuela, baita horrekin batera ekimen ezberdinak bultzatuko zituela ere. Horren ondorio da, hain zuzen, Kalera Kalera ekimena. ETAk jarduera armatua uzteko erabakia hartu zuela bost urte pasa direnean, gatazkaren ondorioen inguruko auzia konpontzeke dagoela nabarmendu zuten Sagastume eta Legorburuk eta horri bide emateko parte aktibo izateko konpromisoa adierazi zuten: «Preso ohiok ez gara etxean geldituko, kalera irtengo gara borrokan jarraitzera». Hilabetez ekimen ezberdinak egingo dituztela aurreratu zuten: espetxeetara martxak, giza kateak, mendi martxak, ekitaldi kulturalak... Horrez gain, Usurbilgo Kaleragunean preso ohiz osatutako harreman talde bat eratuko da, Euskal Herriko eragile sozial eta politikoekin harremanetan jartzea eginkizun izango duena. Azpimarratu zutenez, bi izango dira horren helburu nagusiak: preso, iheslari eta deportatu politikoen egoera zein den azaltzea eta etorkizunari begira elkarguneak bilatzea konpromisoen, konponbideen eta inplikazioen eremuan. «‘Bakea’ eta ‘askatasuna’ geure egiten ditugun bi kontzeptu dira, zehaztasun handiz adierazten dutelako hurrengo fase politikoaren lerro nagusiak marrazten ari diren une honetan zeintzuk diren lortu beharreko helburu nagusiak. Bakea egon dadin, askatasunean sakondu behar da», nabarmendu zuten. 355etik hutsera Irakurketa politikoaren ondotik, hurrengo asteetan askorentzako bigarren etxe izango dena zabaltzeari ekin zioten. Imanol Urbietarekin batera “Kalera, kalera” abestiaren sortzaile izan zen Josu Txapartegi Txapas zarauztarrak hartu zuen hitza kandelak piztu aurretik. Euskal Herrian hainbatek eta hainbatek kantatutako letraren jatorria azaldu zuen. Imanol Urbieta eta bera hizketan ari zirela, «mereziko dute ba kanta bat presoek!» esan eta lanari ekin zioten. Gerora irrati eta komunikabideetan baztertutako doinua izan bada ere, errealitatea ezkutatzea ez dutela lortu aipatu zuen. Bigarren txanda sartuko da gaur Kaleragunean gaua igarotzera. Atzotik piztua dago bertan “Askatasunaren sua”, Zigor Medorio presoak egindako eskulturaren barruan. Azpian askorentzat esanguratsua den zifra darama: 355. Guztiak etxera ekarri eta hutsean uzteko bidea hasi zuten atzo mezu argi batekin: «Maite zaituztegu». EKINTZA UGARI Kaleragunean gauak pasatzeko txandak antolatzeaz gain, ekintza eta mobilizazio ugari antolatu dituzte Euskal Herrian zehar: mendi martxak, kultur ekitaldiak, mahai inguruak, espetxeetara martxak... Urtarrilaren 6an izango da horietako bat, Donostian. ALDERDIEKIN Kalera Kalera ekimenak iragungo duen hilabetean zehar eragile politiko eta sozial ezberdinekin bilduko dira bi helburu nagusirekin: preso, iheslari eta deportatu politikoen egoera zein den azaltzea eta etorkizunari begira elkarguneak bilatzea konponbideen eremuan. EPPK abiatzear den eztabaida eta presoen auzia gizartera zabaltzea du xede Kalera Kalera ekimenak; bakean eta askatasunean sakontzea «Kaleragunea euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gunea izango da»