2016 ABEN. 19 ZIRIKAZAN Topera Josebe EGIA Gertatu izan zait jendea etxera ekarri eta baten batek esatea: «Tope euskaldunak zarete, ezta?». Horrela, inolako maleziarik edo sarkasmorik gabe, sinpatiaz esan genezake, baina esan esaten da. Bota izan didate erdaldunek, eta euskaldunek ere bai. Euskaraz egin eta euskaraz bizitzeagatik baino, euskararen aldekotasuna edo babesa edo sustapena nabarmen agertzeagatik: afixak paretetan, era guztietako pegatinak han-hemenka, bertsoren bat edo beste markoetan eskegita, euskal kantari eta taldeen CD piloa apaletan, euskarazko liburuak nahi beste. Euskaldunari bereziki galdetuko nioke ba al den euskaldun izateko beste modurik, ez baldin bada topera, ez baldin bada harrotasunez eta irmotasunez, izan izanez, erraldoiek bultzaturiko epelkeriak eta txikitasun-konplexuak alde batera utzita. Gauza bera gertatzen zait feminista naizelako, feminista guztiei bezala, ziur. Ematen du apur bat baldin bazara, arazorik ez dagoela; hau da, matxismoaren ondoriorik gorienak kondenatuz gero (etengabeko biraoak eta jipoiak, sexu-jazarpenak eta erailketak), arreta sexismo agerikoenean jarriz gero, gehiengoaren sentipenarekin (sentipen politikoki zuzenarekin) bat egingo duzu, eta inork ez zaitu muturreko feministatzat, feminazitzat, joko. Harago baldin bazoaz, ordea, matxismoaren isla guzti-guztiak nabarmenduz, ñimiñoentzat jotzen diren horiek ere, ozenki esanez dagokion tokian eta dagokien pertsonei onartezina dela, haiek ere egoera edota ekintza horien guztien gaineko erantzukizuna badutela, adibidez… halako feminismo aktiboa eta zirikatzailea, hogeita lau orduz feminista, hori ez, ez dizute erraz onartuko, are gutxiago txalotuko. Orduan, tope feminista izango zara, astuna eta obsesiboa, erradikala, alegia. Baina ba al dago feminista izateko beste modurik, ez baldin bada eguneroko nahiz tokian tokiko diskriminazioaren kontra egiteko konbentzimenduz eta emakume-harrotasunez, ez baldin bada jendarte-egitura patriarkalak zertxobait onartu digun feminismoaren aldeko sentipen politikoki zuzen horretatik aldenduz eta horren gezurra seinalatuz. Bada, ez. Euskalduna zara edo ez zara; feminista zara edo ez zara. Topera. Ez du balio Gabonetan, edo udaran, edo eguneroko bizimodua zertxobait eteten dela ematen duen garaietan, norbere izaeratik eta usteetatik oporrak hartzeak; ez du balio besteek ezarritako une zehatzetako espiritu bakezaleari men egin eta isiltasunezko atsedenaldia egiteak. Izan ere, gure harrotasun etengabeko eta koherenteak molestatzen badie, ondo egiten ari garen seinale.