GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Izenari ohore egingo dio aurtengo Promoziokoak

Iturriaga, Galarza eta atzelari gisa ariko den Jaunarena dira profesionaletan bi urte egin dituzten bakarrak.


2010. urtean erabaki zuten enpresek ordura arte Bigarren Mailakoak bezala ezagutzen genituen txapelketei izena aldatu eta Promoziokoak bezala izendatzea. Azken zazpi urte hauetan, ordea, gutxitan bete du, aurtengo Binakakoak bezala, pilotari gazteak sustatzeko xede hori. Aurten, parte hartuko duten 16 pilotarien artean, hiru debutari izango dira, Errandonea, Martinez eta Asegarcerekin sinatu berri duen Joanes Bakaikoa; 2016an debutatutako 8 –Aspetik Elordi, Martija eta Ugalde eta Asegarcetik Laso, Arteaga II.a, Salaverri, Peña eta Erasun–, urte eta erdi ez daraman Erostarbe eta ia urtebete geldirik eman duen Dario agertzen dira.

Ladis Galarza, Iturriaga eta Jon Jaunarena izango lirateke salbuespenak, baina Leitzakoaren kasuan, kontuan izan behar da, ostiralean Eibarren egingo duen lehen proba serioaren ostean, hilaren 13an hasiko den txapelketa hau izango dela atzelari gisa jokatuko duen lehendabizikoa eta, hortaz, beretzat ere esperientzia berria izango da.

Dario errioxarra izango da Jaunarenaren aurrelaria jo handiko bikote honetan eta Errandonea-Martija, Elordi-Erostarbe eta Ugalde-Martinez izango dira Asperen beste hiru bikoteak. Asegarcek, aldiz, Arteaga II.a-Erasun, Laso-Iturriaga, Peña III.a-Salaverri eta Bakaikoa-Ladis Galarza kantxaratuko ditu. Lehen mailakoan ez bezala, denek denen aurka jokatuko duten ligaxkak itzuli bakarra izango du eta lau onenek finalerdiak jokatuko dituzte. Finala apirilaren 2rako aurreikusia dago.

Ikasteko helburua

Lehiatzea omen da, ikasteko eta maila berrira egokitzeko modurik onena eta horixe da parte hartuko duten guztien helburua, baita lehen mailako buruz buruko txapelketetan parte hartu duen Jon Jaunarenarena ere. Duela lau urte aritu zen leitzarra Promoziokoan, baita Ceciliorekin bikote osatuz txapela jantzi ere, baina oraingo hau oso desberdina izango da beretzat.

«Orain ikastea dagokit, gutxienez zazpi partida izango ditut eta ea leku berrira ohitzen naizen», azaldu zuen «oraindik neurriak hartzen» diharduen pilotariak. «Entrenatzen ondo moldatu naiz, ezkerraz eskuinaz baino erosoago sentitzen naiz, baina orain partidak jokatu eta entrenatzea besterik ez dago atzelari bezala ohitzeko».

Denak horren gazteak izanda, orokorrean txapelketa nahiko orekatua sumatzen dute denek, baita Ander Errandonea debutariak ere. Bikoteren bat besteen gainetik ikusten duen galdetuta, kostata baina «agian Ugalde-Martinez, oso bikote sendoa osatzen dute, baina hori frontoian ikusiko da».

Asteleheneko debutaren aho zapore ona oraindik ezpainetan zutela, bere lagun eta herrikide Iñigo Martinezek beste bikote bat nabarmendu zuen. «Peña-Salaverri, biak oso gazteak dira baina izugarri jokatzen ari dira».

Bakaikoa, zuzenean txapelketara

Etxarri-Aranatzeko Joanes Bakaikoak atzo bertan sinatu zuen Bilbon datozen bi urteetan Asegarcerekin lotuko duen kontratua. Jon Erasunekin batera, Sakanakoak enpresek uda honetan antolatu zuten txapelketa irabazi zuen eta oraintxe eman diote profesionaletara jauzi egiteko aukera.

Astelehenean bertan eman zioten debutaren berria eta pozez zoratzen joan zen atzoko Bilboko aurkezpenera. Debuta txapelketan egin beharrak ez du kezkatzen Bakaikoa. «Sekula ez dakizu zer den hobea, normalean festibal arrunt batean egitea da, baina hala tokatu zait eta ez da ez hobea ez okerragoa».

Bere burua definitzeko eskatuta, «nik esango nuke nahikoa pilotaria naizela. Ez daukat beste batzuek duten kolpe apurtzaile hori, baina pilota guztiak gozatzen saiatzen naiz. Gero aurrean angeluak bilatzen saiatzen naiz, aurrelariek airez sartu behar dute derrigor eta konfiantza dut horretan». J.O.