GARA Euskal Herriko egunkaria
Futbola

Burua tente esan dio agur Kopari aurtengoz Biarritzek

Aguilerako harmailak leporaino bete dira eta giroa benetan aparta izan da.


BIARRITZ 0

STADE RENNAIS 6

 

Amaitu da Biarritzen ametsa Kopan, eta normaltasunez hartu behar da, Lehen Mailaren eta Akitaniako Ohorezko Mailaren artean alde handia dagoelako. Baina atzoko partidak hori baino ondorio handiagoak utzi ditu, aztertu beharrekoak, eta egokitzen zaionak aztertu beharko ditu.

Aguilera zelaia gainezka zegoen, eta ez zuen bete errugbi partida batek. Atzoko neurketa Kopako kanporaketa soil bat baino gehiago zen: Ipar Euskal Herriko futbol zaleek goi mailako futbola nahi dutela aldarrikatu zuten. Harmailak leporaino beteta zeuden, giroa ere aparta zen, eta zaleek argi utzi zuten ez dituztela Lehen Mailako taldeak noizean behin soilik nahi, bi astetik behin baizik. Aviron eta Genets ari dira bide hori egin nahian, baina laguntzarik gabe zaila dute. Errugbiak dituen aukerak eskatzen dituzte zaleek. Atzo garbi ikusi zen jendeak zer nahi duen.

Hortik aurrera, kanporaketak kontatzeko gutxi izan zuen, Stade Rennais jaun eta jabe izan baitzen lehen minututik azkenera. Hala, lapurtarrek ia ez zuten aukerarik izan. Partidari hasiera ona eman zion hala ere Biarritzek. Gotte atezainak geldiketa bikain bat egin zuen hasi eta berehala, baina hortik aurrera aparteko arazorik gabe mantendu zuen markagailua hutsean, nahiz eta beti balioaren atzetik aritu.

Hala ere, arrisku gutxiko jokaldi batean iritsi zen lehendabiziko gola. Saidek erdiratu zuen, eta baloiak Xan Ugartemendiari buruan jo zion, norabidea erabat aldatuz eta sareetarako bidea hartuz. Gol horrek min handia egin zion talde lapurtarrari, ondorengo hiru minututan beste bi gol jaso baitzituen. 0-3koarekin jarioa geratu zela zirudien, baina, aldiz, korner baten ostean, kanpokoen laugarren gola heldu zen. Ondoren iritsi zen Biarritzen aukera onena, baina Duventruren errematea golera zihoanean Danzek ateko marratik atera zuen baloia, zaleak jada gola ospatzen ari zirenean.

 

Gidoi bera

Bigarren zatian ere ez zen ezer aldatu. Kanpotarrek eraman zuten partidaren ardura, eta Biarritz, berriz, atzean sartuta izan zen, ahalik eta gol gutxien jaso asmoz. Baina orduan atera zen Habibou, eta hark arriskua besterik ez zuen ekarri, markagailuari beste bi gol gehitu eta amaierako 0-6koa jarriz.

Stadek izan zituen aukera gehiago, baina Gotte bikain aritu zen, kanpokoen aukerak ezabatuz. Azken minutuetan Biarritzek gola sartu nahi zuen zaleei eskaintzeko, eta izan zituen beste bi aukera. Garbiena Beltranena izan zen, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora.

Norgehiagoka osoan zehar giro aparta izan baldin bazen, bukaera hunkigarria izan zen. Izan ere, zale guztiek zutik jarrita agurtu zituzten Biarritz taldeko jokalariak.