2017 URT. 12 Hilabetea ez ezik, literatura ere iluna da Baztan bailarako (H)ilbeltzan Euskal Nobela Beltzaren Astearen hirugarren edizioak hartuko ditu Baztan bailarako zenbait herri hilaren 16tik 22ra bitartean. (H)ilbeltzak genero ilunenaren eleberriei tarte zabala eskainiko die; baina haiekin batera, estilo bera lantzen duten bestelako sormen lanei ere tokia egingo die. Udazkenean egindako diru bilketa kanpaina bati esker, antolatzaileek parte hartzen duten sortzaileei ordaintzeko aukera izango dute lehenengoz. Azken eguneraketa: 2017 URT. 12 - 06:32h Maitane ALDANONDO donostiA Orrialdeetan bakarrik gertatzen diren hilketak ikertzea gustuko dutenen hitzordua da (H)ilbeltza. Begi keinua eginez generoari eta hilabeteari –«ilbeltza» urtarrila da bailarako mintzoan– izendatu zuten, eta hirugarrenez, hitzek jantzitako hiltzaile, ikertzaile, polizia eta gorpuek Baztan hartuko dute hilaren 16tik 22ra. Izan ere, astelehenean hasiko dute aurtengo Euskal Nobela Beltzaren Astea. «Urtaro bakoitzak Euskal Herrian literatura arloan badu ekitaldi bat: Durangoko Azoka, Zarauzko Literaturia, Eako Poesia Egunak, eta gu gara negukoa», zehaztu du talde antolatzaileko kide Maitane Maritorenak. Idazleekin solasaldiak antolatzen ziren 2009an, sei urte geroago egitasmo hau abiarazi zuten arte, bailarak eta literatura ilunenak duten aspaldiko harremanari erreparatuta. Lotura ez baita hutsala, Mariano Izeta baztandarrak idatzi zuen euskarazko bigarren nobela beltza omen den “Dirua galgarri”. Urtetik urtera parte hartzea handitzen doa, besteak beste, bailarako 15 herrietara zabaltzeko egiten duten ahaleginagatik. Aurten, Lekaroz, Aniz eta Berrueta batu dituzte. Hori da berritasun bakarra, jarduerak bere horretan mantendu baitituzte. Gotzon Garate gogoan Ezinbestean, literaturak astearen tarte handia hartuko du. Sorburuko jarduerari eutsiz ekingo diote astelehenean, Patxi Larrion idazlearekin “Feriatzaileak” eleberriari buruz mintzatuz Arizkunen. Jarraipena Migel Anjel Elustondok emango dio Anizen, euskal nobelagintza beltzaren erreferente den Gotzon Garateren lana omenduko duen saioan. Patziku Perurena, berriz, Leitzako hilketen kronikak gainbegiratzen dituen “Hilen xarma” liburuaz jardungo da. Eta nola ez, larunbatean aurtengo uzta beltzaren zenbait ale ere aurkeztuko dituzte Erratzun. Egun berean, halaber, jende gehien erakartzen duen jarduera egingo dute Elizondon: mahai-ingurua. “Fikzioaren argudioa, politikaren trama beltzetik” eztabaidagai izango dute Gorka Bereziartua kazetariak eta Iratxe Fresneda EHUko irakasleak, 11.00etan hasita. Maritorenak argitu duenez, «izenburuak iradokitzen dienarekin» prestatu behar izan dute mintzaldia. Nola bideratu, Txalaparta argitaletxeko Mikel Soto editoreak erabakiko du. Idatzizko sorkuntza baino gehiago da (H)ilbeltza. Esaterako, “Euskal Herriaren ABDak” bideo emanaldia, alfabetoko letra banarekin hasten diren 27 film labur ilunekin osatua. Era berean, antolatzaileen etorriaren erakusgarri den ipuin kontaketa teatralizatua ere egingo dute. Igandean izango da aktoreek eta kontalariek lagundutako osteratxoa Lekarozeko kaleetan barrena, baina Maritorenak zehaztu duenez, «egileek bakarrik dakite zein ipuin den». Isilpean gorde du ere larunbateko “Susmagarrien gaueko” talde jolas misteriotsua. Izenez betetako kartela, eskertza moduan Egitarauak berritasunik ez badakar ere, Euskal Nobela Beltzaren Asteak finantzabideak berritu ditu. 5.000 eurotik gora lortu zituzten udazkenean egindako diru bilketa kanpainan. Ekarpenak egin dituzten 74 lagunen izenak Xabi Baiarenak sortutako kartelean ageri dira eta dirua partaideei ordaintzeko erabiliko dute. Halakorik egin duten «lehen eta azken» aldia da. Elkarte gisa eratu dira eta aurrerantzean diru laguntza publikoen deialdietan parte hartu ahal izango dute.M. A: JANA ETA LIBURUAK Larunbatean bazkaria egingo dute Erratzuko Etxeleberteko txokoa elkartean, 14.00etan. Jarraian, Eneko Aizpuruak, Itxaro Bordak, Miren Gorrotxategik eta Ander Odriozolak euren azken lanak aurkeztuko dituzte. Txartelak 15 euroan salgai daude.