GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Beteranoek eta gazteek bat egingo dute Binakako bigarren jardunaldian

Donato Larretxea eta Jon Rekondo Juanjo Lopezen eta Eneko Otañorenaurka neurtuko dira. Harri-jasotzaile gazteen lehiaketa ere hasiko da.


Binakako Urrezko Aizkorako norgehiagoka jokatuko da bihar, 12.00etan, Aizarnazabalen. Bertan Donato Larretxea eta Jon Rekondo Juanjo Lopezen eta Eneko Otañoren aurka neurtuko dira. Hau izango da B multzoko aurreneko neurketa.

Bikote bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu. Hasteko, bi 45 ontzako erlojuz kontra ebaki beharko ditu, aizkolari bakoitzak bat. Ondoren, zutikako kana-erdikoa erdibitu beharko dute. Hirugarren lanean 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtuko dira. Ondoren, zutikako 45 ontzako bat eta etzaniko beste kana-erdiko bat ebaki beharko dituzte, eta azkenik txanda librean bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu beharko dituzte.

Saio asko iraupen proban erabakitzen dira, baina aurreko proba labur hauetan kontuz ibili behar izaten da, bikoteren batek tarte handi samarra lortzen badu, gero iraupen proban horri buelta ematea oso zaila izaten delako, azken lana ere ez baita oso luzea. 

Aizarnazabalen bertan jarriko da abian gazteen harri-jasotze lehiaketa, eta lehen proba honetan, Xabier Peñagarikano, Gorka Etxeberria eta Jagoba Otaegi neurtuko dira. Kirolari bakoitzak 150eko zilindro kopa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko bi minutuko txanda bat izango dute. Aurreneko bi sailkatuek ligaxkan sartzeko txartela lortuko dute, eta horrela han Telleria II.arekin eta Eizagirrerekin batera lehiatuko dira.

Harri-jasotzaileek Aiako Torneoa ere jokatuko dute; hori bihar arratsaldean, 17.30ean jokatuko da bertako pilotalekuan. Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi eta Aimar Galarraga izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak.

Kirolari bakoitzak 175 kiloko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili beharko ditu eta lanerako, berriz, bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana izango dute. Aimar Irigoien tartean izanda, errezildarra izango da irabazteko faborito nagusia.

Sokatira

Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketa gaur abiatuko da, eta Ibarrako pilotalekuan jokatuko da aurreneko jardunaldia. Bertan banatuko da aurreneko txapela ere, 680ko finala jokatuko baita aurreneko jardunaldi honetan. Abadiño, Beti Gazte, Gabadi, Ibarra, Murueta, Mutriku, Ñapurrak, Sokarri, Zuraide eta 6 Conceyos izango dira lehian arituko diren taldeak. Berrikuntzen artean, Mutriku nabarmendu behar da. Gipuzkoarrak lur gainean aritzen dira, baina aurten, aspaldiko partez, goma gainean ere lehiatuko dira mutrikuarrak.