GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Larretxeak eta Rekondok hasieran erababaki dute

Aizkolari nafarrek Juanjo Lopez eta Eneko Otaño hartu zituzten mendean Aizarnazabalen.


Donato Larretxeak eta Jon Rekondok irabazi zuten Urrezko Aizkorako B multzoko aurreneko neurketa, atzo Aizarnazabalen jokatu zena, Juanjo Lopez eta Eneko Otaño mendean hartuta. Lehen probetan erabaki zen auzia, gainera.

Bost lan ezberdin egin behar izan zituen bikote bakoitzak, eta Larretxeak eta Rekondok abiadurako probetan utzi zuten auzia erabakita. Azkeneko saiora minututik gorako tartearekin iritsi ziren. Han Eneko Otañok eta Juanjo Lopezek euren nagusitasuna erakutsi zuten, baina ordurako aurka zuten aldea iraultzea ezinezkoa izan zen.

Hasteko, erlojuz kontra bina 45 ontzako ebaki behar izan zituzten bikoteek. Aizkolari bakoitzak enbor bat ebaki behar zuen. Rekondok eta Larretxeak minutu eta 47 segundoan amaitu zuten lana, eta Lopezek eta Otañok 22 segundo gehiago behar izan zituzten.

Ondorengo proban, zutik jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zuen bikote bakoitzak. Rekondok eta Larretxeak minutu eta 42 segundo behar izan zituzten lana burutzeko. Aurkariek, berriz, bost segundo gehiago.

Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren. Hor ere bi aizkolari nafarrak izan ziren onenak, euren lana 3 minutu eta 7 segundoan amaituta. Beizamakoak eta Lezaungoak, berriz, 3 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten.

Ondorengo saioan,  45 ontzakoa zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta lan hori bi nafarrek 2 minutu eta 37 segundoan burutu zuten, eta gipuzkoarrak eta nafarrak, berriz, 3 minutu eta 11 segundoan. Azkenik, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. Hori Otañok eta Lopezek irabazi zuten, euren lana 9 minutu eta 41 segundoan amaituta. Larretxeak eta Rekondok, berriz, 9 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Larretxeak, eta 20 minutu eta 10 segundo, berriz, Lopezek eta Otañok.

Harri-jasotzea

Harri-jasotzaile gazteen lehiaketa ere atzo hasi zen Aizarnazabalen bertan. Peñagarikano eta Otaegi izan ziren bi onenak, eta hauek lortu zuten aurrera egitea. Kirolari bakoitzak 125eko errektangularra, pisu bereko zilindroa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen, eta harri bakoitzarekin bina minutuko lanak egin zituzten. Xabier Peñagarikanok erabateko nagusitasunarekin lortu zuen garaipena.

Peñagarikanok, 13, 16, 12 eta 18 jasoaldi lortu zituen, guztira 59. Otaegik, berriz, 11, 12, 10 eta 13 jasoaldi lortu zituen, guztira 46 eskuratuz. Azkena Etxeberria geratu zen, eta txapelketatik kanpo geratuko da. 9, 7, 7 eta 10 jasoaldi lortu zituen, eta denera 33 jasoaldirekin konformatu behar izan zuen.