2017 URT. 16 «Uhartearen altxorra», mundua 100 liburutan bizitzeko aukera Zortzi detektibe eta hamaika pirata. Gai ezberdinetan banatutako panel ikusgarriak. 20 piztia eta hamar bat poema, heroi txikiak eta amets handiak. Azken urteotako haur eta gazte literaturako 100 liburu –42 idazle eta 35 artistaren lanak– batu dituzte Bilboko Alondegian, «Uhartearen altxorra» izeneko erakusketan. Koldo Izagirreren eta Juanba Berasategiren laguntzaz, fantasiazko munduan murgildu gara, ipuin, istorio eta ametsen uhartean, literaturaren altxorrean. Azken eguneraketa: 2017 URT. 16 - 06:23h Patxi GAZTELUMENDI BILBO Umeek eta helduek elkarrekin bisitatu eta gozatzeko aukera eskaintzen du “Uhartearen altxorra” erakusketak. Haur eta gazte literaturako 100 liburu topatuko ditu bertaratzen denak, modu ezin ikusgarriagoan eskainita. Bi metro eta erdiko altuera hartzen duten panelak, norbera baino handiagoak diren pertsonaiak, animaliak, detektibeak eta fantasiazko protagonistak, denak elkarrekin. Koldo Izagirre idazlea arduratu da liburuak hautatu, pertsonaiak, gaiak, piztiak, piratak, detektibeak, poemak, heroiak eta lanak aletzeaz. Non zer ikusi eta irakurriko dugun marrazteaz Juanba Berasategi ilustratzaile eta animaziozko zinema zuzendaria arduratu da, liburuak eskaneatu eta erakusketaren alde grafikoaz. Eta atetik sartzen garen unetik bertatik, fantasiazko altxorra aurkituko dugu, haur eta gazte literaturarena den uharte honetan, Bilbo erdian, Alondegiko erakusketa aretoan, mediateka, liburu, zinema eta bestelako edukiekin batera uztartzen den ametsezko espazioan. Haur eta gazte literaturaren altxorrak batu dituzte Izagirrek eta Berasategik, testuz eta irudiz. «Haur eta gazte liburua, izan ere, testuaren eta irudiaren batuketa izaten da nerabezaroa arte», aipatu digu Koldo Izagirre idazleak, erakusketan proposatzen den jokoa, hain zuzen, «irudia testuari txertatzea da eta alderantziz: zein aberek esan du hau, nolako izena dauka heroi honek, zerrenda horretako zer gai ote da testu-irudi honi dagokiona… Gure haur eta gazteen imajinarioan egon litezkeen piratak, detektibeak, gaiztoak, ergelak, maitagarriak ekarri nahi izan ditugu bistara, beren esanekin». Eta ohartu barik erakusketaren bihotzean gaude. Animaliak lehenengo, pertsonaia nagusien izenak gero, eta gida baten laguntzaz, bertaratu diren haurrek –zein aldamenean dituzten gurasoek– asmatzera jokatzen dute. Nork zer esan duen. Nori dagokion izenburuko pertsonaia... Eta apurka-apurka asmatutako uhartean murgiltzen hasten dira. Gero eta etxekoago. Harik eta jadanik etxetik edo eskolatik ezagunak zaizkien liburuetako pertsonaia edo egoerak topatu arte. Grafikoki aberatsa Grafikoki aberatsa eta ustekabekoa da, lekuka, gaika edo pertsonaiaka landu dutelako: «Oihan bat osatzen du, liluragarria», Izagirreren aburuz. «Eta denetariko joerak eta estiloak dauzkagu. Baina ez da ez ezaguna eta ez estimatua, behar adina behintzat, eta hori nahi luke bistara ekarri erakusketak». Gurasoak keinu egin dio txikiari, eta erakusketan murgilduta atsegin handiz ari dela adierazi du, oharkabean. Izan ere, «liburuak helduon atseginerako eta gogoetarako ere badirela» uste du Pasaiako idazleak. «Ondare handi bat baliotan ipintzea izan dugu helburu», zehaztu du, eta Juanba Berasategiren lana azpimarratu du. Umeentzako animaziozko filmak egiten aspaldi hasi ziren elkarrekin Juanba Berasategi eta Koldo Izagirre, eta oraingo erakusketa hau lantzeko ere hamaikatxo ordu eman dituzte. 100 liburu hautatu zituen Izagirrek, eta liburu bakoitzeko 3 bat irudi eskaneatu zituen Berasategik. «300 irudi horiekin, hau bezalako hiru erakusketa egiteko adina neukan, eta berehala konturatu nintzen 350 metro lineal marrazki banituela». Eta erakusketa egiteko ez zuen leku nahikorik Alondegian. 140 metro lineal inguru ditu erakusketak, eta panel bakoitzak bi metro eta erdiko altuera dauka. «Izugarriak dira marrazkiak tamaina horretan, eta edozein ordenagailuk ere ezin du lan egin halako irudiekin», gaineratu du marrazkilari eta ilustratzaile pasaitarrak. Juanba Berasategi harrituta geratu da erakusketa muntatzean, «Hernaniko Druck enpresakoek lan itzela egin dute inprimaketan, eta horrela ikusita indar eta kalitate handia du erakusketak». Irakurketa etxean ala eskolan? Irakurketaren pedagogia, lehenik, gurasoekin landu behar dutela uste du Izagirrek. «Irakurketa eskola barruko ariketa baldin bada bakarrik, gure idazleek eta gure artistek egin dituzten hainbat lan zoragarri ari gara bahitzen», beraren ustez. Bukatzeko, ikasgeletan egin beharreko inkesta proposatu digu: «Mari Domingiren senarrak ekarri al dizu libururik?».