2017 URT. 17 Aizkora Aimar Irigoieni Aian inork ezin izan dio itzalik egin Kirolari errezildarrak oso erraz hartu ditu mendean gainerako guztiak. Azken eguneraketa: 2017 URT. 17 - 06:45h Jon LEUNDA Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun Aian jokatu zen Torneoa. Errezildarrak aise irabazi zuen, gainerakoei alde nabarmena kenduz, orain dela hilabete eskas harri handien Euskal Herriko Txapelketan egin zuen bezalaxe. Lau kirolari lehiatu ziren, eta bakoitzak 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiruna minutuko txandak izan zituzten. Aimar Irigoienek ez zion inori aukerarik eman. Errezildarra ongi dago, eta berari aurre egitea ia ezinezkoa dela erakutsi zuen. Zilindroari 18 jasoaldi eman zizkion, eta horrekin, lehen harriarekin, alegia, ia dena erabakita utzi zuen. Eizmendik 9 eman zizkion, 8 Galarragak eta 6 Illarramendik. Alde ikaragarria geratu zen lehen txandaren ostean. Baina tarte hori handitu egin zen bigarren harriarekin, kubikoarekin, alegia. 14 eman zizkion Irigoienek, 11 Eizmendik, 6 Galarragak eta 7 Illarramendik. Bola bakarrik falta zen saioa amaitzeko, eta ordurako dena erabakita zegoen. Hala ere, azkeneko harri honekin ere Irigoienek ez zuen barkatu, eta 19 jasoaldi eman zizkion. 15 eman zizkion Eizmendik, 13 Galarragak eta 12 Illarramendik. Denera, 51 jasoaldi lortu zituen, eta 7.625 kilo bizkarreratu zituen. Bigarren postua Eizmendirentzat izan zen. Zarauztarrak 35 jasoaldi egin zituen, 5.100 kilo. Hirugarren postua izan zen Galarragarentzat. Berak, guztira 27 jasoaldi lortu zituen, 3.925 kilo bizkarreratuz. Azken postua, berriz, Illarramendirentzat izan zen, guztira 25 jasoaldi egin, 3.600 kilo altxatuta. Kintopekoen finala Saizar Txapelketaren idi-proben kintopekoen finala jokatuko da gaur gauean Azkoitiko pilotalekuan, 22.00etan hasita. Urtean zehar lehiaketa ugari jokatu dira, eta gaurkoan amaiera izango dute finalera sartzea lortu duten uztarriek. 22.00etan hasiko da, eta bertan Orioko Olidenen, Errezilgo Txokolateren eta Errenteriako Illarretaren idiak lehiatuko dira lehen Gipuzkoako Liga hau irabazteko asmoarekin. Urtean zehar Liga honetan hamabi uztarri lehiatu dira, eta denen artean punturik gehien batu dituzten hiru idi pare neurtuko dira gaur gauean. Dena dela, gaur irabazten duenak irabaziko du Saizar Kintopekoen Liga. Lehen aldiz jokatu da lehiaketa hau, eta Aia, Errezil, Aizarnazabal, Elgoibar eta Azkoitia izan dira hau aurrera eraman dutenak. Bost herri hauek bost urteko hitzarmena sinatu omen dute, eta urtero leku ezberdin batean antolatu nahi dute finala. Saizar Sagardotegiaren babesean jokatuko da aurtengo lehiaketa. Antolatzaileen helburua idi zaleen artean itxaropena eta ilusioa piztea izan omen da, eta horretan jarraitu nahi dute. Ikusmina ere dezentea piztu da saio honekin eta segur aski ere Azkoitiko probalekuan jende asko izango da Liga honetako azkeneko lehiaketa hau ikusteko asmoarekin. Muruetak eskuratu du urteko aurreneko txapela Muruetak eskuratu du Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketako urteko aurreneko txapela. Larunbatean abiatu zen lehiaketa hau 680ko finalarekin eta bizkaitarrak izan ziren onenak. Atzetik, Sokarri, Zuraide, Ibarra, Beti Gazte, Ñapurrak, Abadiño, Gabadi, Mutriku eta 6 Conceyos sailkatu ziren. Datorren larunbatean 17.00etan hasita jarriko da abian 640ko txapelketa Mungian. Maila honetan aurrena ligaxka jokatuko da, eta sei onenak finalean sartuko dira. Leku berean jarriko da abian nesken 405 kilokoa ere. J.L.