2017 URT. 23 ZIRIKAZAN Hotz polarra Euskal Herrian Josebe EGIA Baina ezin alderatu kontinente bihozgabe honetan dauden errefuxiatuak eta migratzaileak pairatzen ari direnarekin. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak salatu du pertsona horietako milaka eta milaka Europa jotzen ari den hotz boladak eta elurteak harrapatuta daudela. Tenperatura baxuak ankertasunez kaltetzen ari dira neguari aurre egiteko batere prestatu gabe dauden kanpamentuetan bizi diren pertsonak, Grezian eta Balkanetan. «Erkidegoko herrialdeen politiken axolagabekeria zinikoak, hotz siberiarraz eta negua igarotzeko prestaketarik ezaz batera, are okerragoa bilakatu dute Europan babes bila dabiltzan milaka gizon, emakume eta haurren egoera, lehendik ere jasanezina», adierazi zuen MGAk Suitzan zabalduriko komunikatu batean. Europako eskualde gehienak astintzen ari den hotz boladak jada akabatu ditu hainbat pertsona. Hildako gehienek ez zuten etxerik, eta -30°tik beherako tenperaturen pean egon ziren egurats gorrian, inolako estalperik gabe. Pertsona hauetaz ari garenean –Grezian bakarrik 60.000 baino gehiago–, emakume izateak dakarren arriskua azpimarratu behar dugu, izan andrazko heldua, izan txikia. Denek dute arrisku oso handia, batik bat bakarrik bidaiatzen dutenek, beren ibilbidean hainbat motatako indarkeria pairatzeko, sexu-indarkeria barne, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Genero eta Komunikazio Masterreko bi kazetari eta irakaslek aurkezturiko ikerketa baten arabera; besteak beste, UNHCR (gazteleraz ACNUR), UNFPA eta Emakume Errefuxiatuen Batzordeak (WRC) jasotako datuen berri ematen du, emakume errefuxiatu batek aurre egin beharreko arriskuei dagokienez. Ikerketan, “Martxoak 8, non dira emakume errefuxiatuak EBko komunikazioan?” izenekoan, Amnesty International-ek argitaraturiko txostena ere jasotzen da, non ondorioztatzen den, Europako iparraldean 40 emakume eta neskatila errefuxiaturi egindako elkarrizketen azterketa oinarri, den-denak sentitzen zirela mehatxatuak eta segurtasunik gabeak bidaia osoan. Askok abusu fisikoak jasan izan dituztela aitortu dute, hala nola esplotazio finantzarioa eta sexu-harremanak izateko presioa kontrabandisten eta segurtasun-langileen eskutik. Ikaragarria, ezta? Gehitu horri guztiari hotz izugarria eta galdetu zuen buruari: non naiz ni hori gertatzen denean? Hunkitzen bazaituzte, egin ezazue zer edo zer laguntzeko eta ez bekizue izoztu bihotza ere.